JAGONET - Informazio gehiago

0. Sarrera

JAGONET euskararen erabilerari buruzko kontsulta-zerbitzu orokorra da, Euskaltzaindiak Internet bidez herritarren esku jartzen duena.

Zerbitzuak bi helburu nagusi ditu: bata, euskararen erabilera zuzena eta egokia bermatzea, eta, bestea, erabilera horren gaineko zalantzak argitzea.

Zerbitzu honetara jotzen duen erabiltzaileak bi aukera ditu: hizkuntza-zalantza datu-basean bilatzea edo, erantzunik aurkitzen ez badu, zerbitzuari galdera egitea.

Kontsulta-zerbitzu honetan Akademiaren ohiko langaiak diren arloen gaineko erantzunak ematen dira, hala nola hiztegigintzakoak, gramatikakoak, onomastikakoak, euskararen herri-hizkeren atlasekoak, euskararen sustapenekoak eta abar.

Euskaltzaindiak gizarteari begira nahitaez izan behar duen jarrera positibo eta proaktiboa alde batera utzi gabe, ordea, komeni da jakitea JAGONET berez ez dela erdarazko hitzen edo esapideen euskal ordainak galdetzeko tokia (horretarako daude hiztegi elebidunak, beste kontsulta-zerbitzu batzuk...) edo itzulpen zerbitzu bat edo ikerkuntzarako laguntza bila datorrenari argibideak emateko tokia... Era horretako zerbitzurik ez du asetzen.

1. JAGONET eraberritua, edukietan eta egituran

2000. urtean sortu zen JAGONET zerbitzua, eta guztiz eraginkor aritu da duela hiruzpalau urte arte. Arazoak tarteko, azken urteotan ezin izan zaio eutsi bete-betean lehengo martxari.

Hasierako asmoarekin dator berriro ere, ordea. Eta orduan bezala, erabiltzaileak bi aukera ditu: hizkuntza-zalantza datu-basean bilatzea edo, erantzunik aurkitzen ez badu, zerbitzuari galdera egitea.

Eskura dagoen datu-basean JAGONET sortu zenetik 2016ko martxora bitartean eginiko herritarren galderarik adierazgarrienak daude jasoak. Molde eguneratuan eta berrituan ageri dira oraingoan. Urteak joan urteak etorri, datu-baseko edukiak (batzuk) zaharkituak zeuden jada, eta Euskara Batuaren Eskuliburuko batzordeak datu-baseko galde-erantzun guztiak berraztertu, eguneratu eta berridatzi ditu.

Horretaz gainera, galdera askoren izenburuak aldatu eta egokitu dira, eta arloa izenburuan berean txertatu da. Halaber, erantzunetan loturak txertatu dira Euskaltzaindiaren arauetara, gramatiketara, Euskara Batuaren Eskuliburura, Euskaltzaindiaren Hiztegira... edo zenbait estilo-liburutara (EIMA, EHULKU, Berria...) bideratuz irakurlea.

Bilaketa errazteko, galdera bakoitza zer zalantza- eta unitate-mota den ere adierazi da. Horri gehitu behar zaio informazio gehigarria, zenbait kasutan ematen dena.

Molde estandar hau du galde-erantzun bakoitzak:

2. Prozedura

Eskatzaileari bi urrats eskaintzen zaizkio, eta ordena honetan egiteko iradokitzen: lehenik, bere zalantza erantzunda ote dagoen bilatzea; erantzunik ez badu aurkitzen, kontsulta egiteko modua izatea.

Eskatzaileak bigarren urratsa aukeratzen badu, galdera egiteko inprimakia agertuko zaio eta hartan zenbait eremu bete beharko ditu: posta elektronikoa, kontsultaren gaia eta kontsulta. Aukerako eremu batzuk ere badira, hala nola izena, deiturak, enpresa, erakundea edo partikularra den, jatorria (EHkoa edo EHtik kanpokoa) eta lanbidea edo okupazioa.

Galdera horiek guztiak zerbitzuak aztertuko ditu eta modu pribatuan erantzungo eskatzaileari. Eta, orain artean bezala, galdera horietako batzuk, aldian-aldian, JAGONET honetako datu-basea hornitzeko eta aberasteko erabiliko dira.

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper