JAGONET galde-erantzunak

Denbora adieraztea: urte (hiru urtean / hiru urtetan / hiru urteetan)

Zuzena al da Kirolari horrek hiru urtetan irabazi du lasterketa: 2004an, 2008an eta 2012an esatea?

Bai, esaldi hori zuzena da. Euskaltzaindiaren 110. arautik hartutakoa da honako pasarte hau: “Inesiboko (-n) sintagma hauei dagokienez, mugagabea erabiltzea zilegi izanagatik, mugatu singularra erabiltzea hobesten da honako kasu honetan: zenbatzailedun sintagma horrek adierazten duen denbora etengabeko unitate bakar gisa hartzen denean, hots, inesiboaren bidez prozesu edo gertaera baten iraupena adierazten denean. Adibidez: Hiru astean asko hazi da haurra. Hiru urtean ikasi du euskara. Lau urtean lan egin du Afrikan. Horietan denetan iraupena (‘aldia’) adierazten da.

Iraupenik adierazten ez denean, noski, mugagabeak ohiko lekua du. Hiru urteko iraupena adierazi beharrean hiru urte desberdinetan gertatu den zerbait adierazi nahi bada, mugagabea beharko da: Lau urtetan antolatu dute danborrada.

Horren arabera, aldiari (zenbat denbora(z)?) erreferentzia egiteko, hiru urtean da zuzena; eta kopurua (zenbat aldiz?) adierazteko, hiru urtetan da zuzena. Beraz, Kirolari horrek hiru urtetan irabazi du lasterketa: 2004an, 2008an eta 2012an da zuzena testuinguru horretan (eta hala beharko luke 2004an, 2005ean eta 2006an balitz ere).

Ikus hau ere: "Kuantifikazioa adieraztea: asko (urte askotako / urte askoko)" (JAGONET).

 

Informazio gehigarria:

Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, morfologia > zenbakiak, sintaxia > aditza

Unitate-mota: hitzak > izenak, zenbakiak > kardinalak

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper