JAGONET galde-erantzunak

Araugintza: Euskara batuaren sorrera

Non eta noiz gertatu zen, lehenengo aldiz eta ofizialki, euskara batuaren sorrera?

1968. urtean sortu zen ofizialki euskara batua Arantzazuko biltzarrean, baina baditu horrek aurrekari batzuk: hain justu ere, lau urte lehenago euskaltzale batzuek batasunaren oinarriak finkatzeko egindako lana, Baionako Euskal Idazkaritza erakundearen baitan. 1964. urtean aurkeztu ziren hango erabakiak Baiona’ko Biltzarraren Erabakiak izeneko txostenean.

1968. urtean Arantzazun (Gipuzkoa) egin zen Euskaltzaindiaren VII. Biltzarrean, Mitxelena buru zuen batzorde teknikoak Baionako erabaki horietan oinarritutako txostenak aurkeztu zituen, eta orduan abiatu zen euskara batua: hain zuzen ere, idazteko arau gidari batzuk eman edo gomendatu zituenean Euskaltzaindiak [Euskera, XIII. zenbakia, 1968].

Bide hura nola eta nora zihoan ikusteko, hamar urteko epea ezarri zion Euskaltzaindiak bere buruari, eta hamar urteak bete zirenean, 1978an, Euskaltzaindiak, batasunaren bilakaera aztertzeko, VIII. Biltzarra egin zuen Bergaran. Jakitunago egoteko, jo hona: [Euskera, XXIV. zenbakia], 1978 (bereziki 441.-477. or.).

 

Informazio gehigarria:

Zalantza-mota: morfologia, lexikoa, ortografia > grafiak

Unitate-mota: hitzak, karaktereak > letrak

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper