Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

nolazpaiteko

adj. Nolabaitekoa. Nolazpaiteko hesiak ipini beharko dizkiogu geure hiztegiari.

nolerebait

adb. Nolabait ere.

nomada

adj./iz. Gizataldeez mintzatuz, bizileku finkorik ez duena, alde batetik bestera dabilena. Libiako artzain nomadak. Basamortuko nomadak.

nomadismo

iz. Nomaden bizimodua. Nomadismoari agur esan eta gizakiek bizimodu egonkorragoa hautatu zuten.

nomenklatura

1 iz. Jakintza batean erabiltzen diren hitzen multzoa. Landareen nomenklatura.

2 iz. Sobietar Batasunean, elite politikoko taldea, boterea bere esku zuena eta erabakiak erakundeen kontrolik gabe hartzen zituena. Horietako asko funtzionario ohiak edo nomenklaturari lotutakoak ziren.

nomina

1 iz. Heg. Lansaria, soldata. 1.800 euroko nomina dut nik.

2 iz. Heg. Soldataren agiria. Langile bakoitzaren nominan agertzen da sindikatura afiliatua dagoen ala ez.

3 iz. Heg. Enpresa bateko soldatadunen zerrenda. Hogeita bost urte horietan nominan egon gara.

nominal

1 adj. Izenarena, izenari dagokiona.

2 adj. Izenez baino ez dena. Badirudi Europar Batasunarekin parekatzen ari garela, baina parekatze hori nominala da, egiazkoa baino gehiago.

3 adj. Izena aipatuz egiten dena. Bozketa nominala eta itxia izango da, hots, legebiltzarkide bakoitzak izen bat aukeratuko du eta paper batean idatziko du.

4 adj. Ekon. Balioez eta kidekoez mintzatuz, ofiziala, idatzia dagoena eta nahitaez benetakoarekin edo merkatukoarekin bat ez datorrena. 3.000 euroko balio nominala izango dute zor agiriek. Hileroko kuotak 565,77 eurokoak izango dira, interes nominala % 3,25ekoa bada.

5 adj. Ekon. Akzioen balioaz mintzatuz, jaulkitzerakoan duena. Akzioko balio nominala 60 eurokoa da.

nominalismo

iz. Fil. Ideia unibertsalak objektiboki existitzen ez direla eta izenak baino ez direla dioen doktrina filosofikoa.

nominalizatu, nominaliza, nominalizatzen

du ad. Hizkl. Perpauseko elementu bat izen edo izen sintagma bihurtu.

nominalizazio

iz. Hizkl. Nominalizatzea. Ez itzazu erdarazko nominalizazioak zozoki imita euskaraz.

nominatibo

adj./iz. Hizkl. Akusatiboa duten hizkuntzetako kasuez mintzatuz, subjektuari dagokiona. Euskaraz ez dago nominatiborik.

non

1 adb. (Galdetzailea). Zer tokitan? Non nago? Maitea, non zara? Non utzi duzu liburua? Hutsik gabeko euskara non aurkitu? Eta alabak, non?

2 adb. (Zehar-galderetan). Ez nekien, gaixo honek, non sartzen nintzen. Liburuak ez baitzioen ez non eta ez noiz atera zuten. Ez lukete jakingo hori non bilatu. Jainkoak daki non!

3 adb. (Erlatibozko esaldiak eratuz). Orain datozen gazteek badute non ikasi. Badute hemen ere gure begi-bihotzek non ase eta non goza. Non erosia badago.

4 (hona, horra edo hara-ren ondo-ondotik). Hona non datorkigun bestea. Horra non aurkitu ginen bi hitz berriren jabe, baten ordez.

5 (Perpaus erlatibo baten hasieran, aditz jokatuak bait- edo -(e)n menderagailua hartzen duela). Ik. non... han...; non ere Eta arrotz egin zen Madiango lurrean, non sortu baitzituen bi seme. Alkate izan zen Donostiako hirian, non hil baitzen mila zazpiehun eta bigarren urtean. Eta zen anitz lanpa ganberan, non bilduak baikinen.

6 (Ondoriozko perpaus baten hasieran, hain, hainbeste, hala, halako moduz...-en ondoren, aditz jokatuak bait- edo -(e)n menderagailua hartzen duela). Ik. ezen 2; halako eran... non...; halako gisan... non...; halako moldez... non... Halako eran itsutu zen, non haien idoloak gurtu baitzituen. Bizi zaitez halako maneraz, non herioak ez baitzaitu sekula ustekaberik atzemanen. Sortu zen gose hain ikaragarria, non amak beren semeak jatera behartu ziren.

hala... non... (Ondoriozko perpaus baten hasieran, aditz jokatuak bait- edo -(e)n menderagailua hartzen duela). Halako eran... non... Heldu zen bururaino, baina hala ahuldua, non ez baitzitekeen egon ez zutik ez jarririk. Guk ere haren izena hala aipatu behar dugu, non irudi ere ez dakion inori ezen gutxiesten dugula.

non edo han adb. Non edo non. Ahalegin guztia egingo dute, saritzen diren idazkiak non edo han argitaratzeko.

non edo non adb. Nonbait. Non edo non aurkituko zuela.

non ere 1 (Perpaus erlatibo baten hasieran, aditz jokatuak bait- edo -(e)n menderagailua hartzen duela). Ik. non 5. Erromara jo zuen, non ere sasoi hartan aurkitzen baitzen Hugolino.

2 (Perpaus txertatu baten hasieran, dagokion aditzak bait- edo -(e)n menderagailua hartzen duela). Non ere baitzaude, kanpoko zara eta arrotz: zauden tokian zaudela, kanpoko zara eta arrotz.

non (eta) ez ...-(e)n Ez ba-... Ik. nola eta ez ...-(e)n. Etorriko gara, non eta ez duen sekulako euri-jasa egiten. Ez dezakete gazte gehienek ongian iraun, non ez diren sakramentuetara maiz hurbiltzen.

non... han... (Erlatibozko esaldiak eratuz, aditz jokatuak bait- edo -(e)n menderagailua hartzen duela). Non den nire gogoa, han da neure zangoa. Ezen non baita zuen ondasuna, han izanen da zuen bihotza ere. Otsoa, non aipa, han gerta (esr. zah.).

non zer (Zehar galderetan). Leku bakoitzean zer; non eta zer. Etxetik kanpo gaudenean, asko eskertzen da non zer aurki dezakegun jakitea. Munduan zehar bidaiatzen hasi zen, non zer kausituko. Igorri zuten non zer ote zen jakitera. Berak agintzen du non zer lan egin. Adierazi beharrez herrian non zer den onik.

nonahi

Ik. non-nahi.

nonbait

1 adb. Tokiren batean. (Ezezkoak ez diren esaldietan erabiltzen da). Ik. nonbait ere; inon; non edo han; nonbait ere. Bi ohar horiek, nonbait sartu behar eta, hementxe sartu ditugu. Beste nonbait esan dudanez. || Tiroak hartu balu nonbait barnagotik, egun ez zen entzunen kantuz Xalbadorrik.

2 adb. Dirudienez, antza denez. Ik. nonbait ere. Lan hau, nonbait, geroko utzi zuen. Eta, azkenean, inor baino berritsuago azaldu zaigu; zaharra hiztuna izaki nonbait. Ez zaio nonbait iruditzen legeak ongi jarriak daudenik. Arbolara ezin igo nonbait, txikia baitzen.

3 adb. Hainbestean, ez gaizki eta ez ongi. Boliviako gain hartaraino, zer nekea!, hara ezkero, nonbait hor.

nonbaiteko adj. Tokiren batekoa. Nonbaiteko gaztelu batean.

nonbaiten adb. Nonbait.

nonbaitera adb. Norabait.

nonbait ere 1 (Ezezkoak ez diren esaldietan). Tokiren batean. Nonbait ere zerbait bilatuko ahal dugu!

2 Seguru asko; zalantzarik gabe. Nonbait ere etxe horien jabea ez da nornahi. Ohartu zen zuhaitz hura guztia txindurriz betea zegoela; nonbait ere han zeukaten habia. Nonbait ere, euskalkiak ez izan haientzat nahikoa osoak, jasoak eta duinak.

nonbaitetik adb. Tokiren batetik. Nonbaitetik hasi behar eta, neure buruagandik hasi naiz. Nafarroa aldeko nonbaitetik etorriak.

nonbait han Ia; gutxi gorabehera. Ik. hor nonbait 2. Txoko guztiak ikertu ditugu, haiek nonbait han sosegatzeko. Gazte luze bat, hamabost urteren ingurua nonbait han zukeena. Badira nonbait han ehun.

nonbait hor 1 Gutxi gorabehera. Ik. hor nonbait 2. Ordu erdiz, nonbait hor, egon nintzen neure buruaren jabe.

2 Beharbada kasu horretan. Bi arima banitu, nonbait hor, baten sakrifizioa egin nezakeen, hari atsegin egiteko.

nonbaitik adb. Ipar. Nonbaitetik.

nonbratu, nonbra, nonbratzen

du ad. Heg. Beh. Izendatu.

nonbre

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, nonbre-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. kopuru].

nondar

adj. (Galdetzailea). Nongoa?, non jaioa?, nongo semea? Ik. nongotar. Nor zaitut, noiz jaio zinen, nondarra zara? || Ez dakit nondarra den jaiotzez.

nondik

1 adb. (Galdetzailea). Zer lekutatik? Kaixo, Simon, nondik zatoz? Nondik nabil ni, bide estu edo lasaitik, ate zabal edo estutik? Nondik datozkizu nahigabe eta bihotzeko pena horiek? Nondik niri honenbeste mesede? || Nondik dakizu hori?, zer bidetatik?

2 adb. (Zehar-galderetan). Ez dakizue nondik datorren, ez nora doan. Begira ondo nondik dabiltzan zure umeak. Latinetik, frantsesetik edo nik dakit nondik. Hor ari da, belea baino beltzagoak nondik zurituko dituen.

3 adb. (Erlatibozko esaldiak eratuz). Zeren hark ez baitzuen nondik pagatu. Badut euskarari nondik laguntza eskaini.

4 (Perpaus erlatibo baten hasieran, aditz jokatuak bait- edo -(e)n menderagailua hartzen duela). Ik. nondik ere. Itzuliko naiz neure etxera, nondik ilki izan bainaiz.

nondik-bait adb. g.er. Nonbaitetik. Nondik-bait dabilen bitartean.

nondik edo handik Nonbaitetik; nola edo hala. Euskaldun guztiok gara nondik edo handik nafar. Karisma apur bat lortu nahi lukete, nondik edo handik.

nondik ere (Perpaus erlatibo baten hasieran, aditz jokatuak bait- edo -(e)n menderagailua hartzen duela). Hitzak hartu behar dira, nondik ere baitute beren etorkia.

nondik eta nola adb. nola-ren indargarria. Baina nondik eta nola ez zekitela gertatu zen. Beti bizi izan zen, nondik eta nola Jainkoa hobeto zerbitzatuko zuen.

nondik eta nora 1 adb. Nola?, zer modutan? Ik. nondik nora 2. Nondik eta nora ez dakiela, handien edo handinahien usainaz jabeturiko gogoa ez zaio, bada, sortu?

2 adb. Adkor. Nola?, zer dela eta? Adalbaldori, nondik eta nora ez zekiela, bihotza iluntzen hasi zitzaion.

3 adb. Adkor. Non? Nondik eta nora dituzu umeak, andretxo gaztea?

nondik ez interj. Bai horixe, nola ez. Engoitik gosetuak zarete; nondik ez, pentsa, halako lana eginik! Ez nintzen zuzen ari nonbait, baina niretzat hura euskara zen; nondik ez?

nondik nora 1 Zer tokitatik zer tokitara? Ez zaio inori larregi kostako nondik nora dabilen ikustea. || Nondik nora, Kasilda?

2 Nola? Nondik nora ekin zenion euskarari? Nondik nora ote darabil horrek hainbeste diru?

nondik norako 1 adj. Zer eratakoa? Jakinarazi zion aurrerako bere bizitza nondik norakoa izango zen. Nondik norakoa da premia horren neurri arrazoizkoa?

2 iz. Zerbaiten inguruko azalpena, zerbaiten ezaugarri orokorrak. Premiazkoa da gogoan edukitzea orduko indarren nondik norakoa: ordukoak eta oraingoak ez dira bat. Arazoaren nondik norakoak. || Jainkorik gabe gizonak ez du nondik norakorik.

nondik(ak)o adj. Zer tokitatikoa? Joanen bataioa nondikakoa zen, zerutikoa ala gizonengandikoa? || Ni ezagutzen nauzue eta nondikakoa naizen ere badakizue.

nondik-nahi

adb. Edozein tokitatik. Ik. non-nahitik. Han badira arrantzaleak, nondik-nahi arraina gurdika dakartenak. Nondik-nahi zetorrela, berdin zen.

nondik-nahiko adj. Edozein tokitakoa. Hitzak, bai, nondik-nahikoak dira. Nondik-nahikoa den, euskarazkoa da, euskaldunek erabili eta erabiltzen badute.

nongo

1 adj. (Galdetzailea). Zer tokitakoa? Nongo seme da? Nongo alkatea zegoen mahaiburu? Nongoa zara? Haren hizkera nongoa ote?

2 (Zehar-galderetan). Nongoa nintzen galdetu zidan. Ez dakit nongo eskuizkribuak.

nongonahiko

adj. Ipar. Non-nahikoa. Urre, zilar eta nongonahiko harri aberatsenez estalia.

nongotar

adj. (Galdetzailea). Nongoa?, non jaioa?, nongo semea? Ik. nondar. Nongotarra zara? || Nongoa edo nongotarra nintzen jakin nahi zuen.

nongotasun

1 iz. Zerbait edo norbait nongoa den. Zer esan urruti horietan nongotasunaz galdetzen digutenean?

2 iz. (Atzizkiez mintzatuz). Nongotasunaren marka, -n, ez da axalean ikusten.

nongura

adb. Bizk. Nonahi. Horrelako mutilak ez dira, horma-belarra legez, nongura eta lekuan-lekuan ikusten.

nonius

iz. Mat. Neurketa zehatzagoak egiteko erabiltzen den erregela, beste erregela baten gainean jartzen dena.

nonnahi

adb. [Oharra: Euskaltzaindiak, nonnahi-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. nonahi; non-nahi].

non-nahi, nonahi

adb. Edozein tokitan. Ik. edonon; nongura. Hemen eta nonahi. Gurean, beste non-nahi bezala, ez dira asko izan egiazko lirikoak. Nonahi nornahirekin erabiltzen den diosala. Euskaldunek non-nahi eta noiznahi darabilten hitza euskal hitz jatorra dela.

non-nahi den, nonahi den Nonahi. Nonahi den atzeman gaitzake heriotzak. Non-nahi den izan zaitezen, beti dohakabe izanen zara.

non-nahiko, nonahiko adj. Gaurkoak eta betikoak, hemengoak eta nonahikoak. Bilboko kaleak nonahikoen antzekoak.

non-nahitik, nonahitik Edozein tokitatik. Ik. nondik-nahi. Nonahitik haizea zetorren.

nontsu

adb. (Galdetzailea). Gutxi gorabehera non? Nontsu ote daude izar horiek? || Ba omen zekien nontsu egoten ziren mugazainak.

nonzerberri

adj./adb. Bizk. Lgart. Jakin-nahia, ikusnahia; esamesaka edo txutxu-mutxuka ibiltzea atsegin duena. Ik. autubatzaile; kuxkuxero.

nor

1 izord. (-r- bakunarekin. Galdetzailea). Zer pertsona? (Pertsona bat edo pertsona bat baino gehiago adierazteko erabiltzen da). Ik. zein 4; nortzuk; zeintzuk. Nor da hau? Nor etorri da? Lehenbiziko maisua nor? Nor dira ene anaiak? Nor daude meza entzutera behartuak? Nork ekarri du? Noren bila zabiltzate? Norena duzu haurtxo hau, Maria? Norekin joan zara?

2 izord. (Galdera erretorikoetan). Nor naiz, beraz, herri oso bati kontuak eskatzeko? Nor harritzen ez da hitz horiek entzunda?

3 izord. (Zehar-galderetan). Zuk badakizu nor naizen, baina nik ez dakit nor zaitudan. Han egoten dira zain, nor agertuko. Noren erruz gertatu zen horrela, ez zait ardura.

4 izord. (Erlatibozko esaldiak eratuz). Izango duzu nork maita. Bazegoen baserriarekin nork jarraitu. Haur txikiak nori utzi ez duenak. Bazen nori begiratua.

5 izord. (bere edo kidekoren bat eskuinean duela). Bakoitza (pertsona bati dagokiola). Israeldarrak nor bere lekura itzuli ziren. Nahitaezkoa da nor bere barrenean ezin hautsizko hesiz inguratua egotea. Nork bere eskua trebatzeko. Hor gabiltza, batetik eta bestetik, nork geure opilari ikatza nola hurbilduko. || Esr. zah.: Nori berea, Jainkoaren legea. Nor bere zoroak darabil.

6 izord. (Eskuinean beste galdetzaile bat duela). Azkenean ageriko da nor nola dabilen. Etxekoen artean genbiltzan, eta bakoitzak bazekien nor zen nor. Haren kontra, nork zer esango du?

7 izord. (Esaldi txertatu baten hasieran izenordain erlatibo gisa, hura-ren saileko erakusle batekin, aditz jokatuak bait- hartzen duela). Ik. nor ere. Baina nork begiratzen baitu haren hitza egiazki, hura baitan Jainkoaren amodioa konplitu da. Ezen nor hark igorri baitu, hura zuek ez duzue sinesten.

nor baino nor ...-ago Bata baino bestea ...-ago, batzuk baino besteak ...-ago. Ik. zein baino zein ...-ago. Bat etorri ziren, nor baino nor amorratuago, Larramendiren kontra.

nor baitzen ere Ipar. Nornahi zela ere. Ik. nor ere 2. Nor baitzen ere potretaren egilea, ezagutzen zuen haurra.

nor edo nor Norbait. Nor edo nor hiltzen zenean. Nor edo nork asmatuko du.

nor ere 1 (Perpaus erlatibo baten hasieran, aditz jokatuak bait- hartzen duela). Dohatsu da nor ere prestuki bizi izan eta ongi hil baita. || (haina-rekin edo hura-ren saileko erakusle batekin). Nori ere pot eginen baitiot, hura da. Nor ere etorriko baita, haina ene laguna da. Norekin ere baitzabiltza, hura mespretxatzen duzu. Ezen nork ere baitu, hari emanen zaio.

2 (Perpaus txertatu baten hasieran). Ik. nor baitzen ere. Nor ere baitzara, adiskidea, barka iezadazu ene bizitasuna: zarena zarela, adiskidea, barka iezadazu ene bizitasuna.

nor eta nor izord. (Galdetzailea). Nor? (Dagokion izenak pertsona bat baino gehiago adierazten du). Ik. nortzuk. Nor eta nor gelditzen zarete?

nor gehiago adb. Nor gehiago izango, norgehiagoka. Lehen zatian nor gehiago aritu ziren, eta oso partida lehiatua jokatu zuten.

nor izan Gauza izan, gai izan, duin izan. (Ezezko eta baldintzazko perpausetan erabiltzen da). Ez naiz nor auzi hau erabakitzeko; nor banintz ere, ez nintzateke sartuko nire gogoz behintzat. Eta zu nor bazara, emango dizu betiko bizitza dohatsua.

nork daki Auskalo. Ik. nork jakin. Nork daki, ama, ez ote zaigun oraindik gaur etorriko! Nork daki nondik eta nola eskuratua. Nork daki zer pasatzen den horren baitan! Menturaz bai; nork daki?

nork esan 1 (Esaldi hanpatuetan). Nola esan, nola adierazi. Nork esan haien lotsa eta errabia! Nork esan nolako onurak hel zitezkeen guztiontzat!

2 (Esaldi hanpatuetan). Nork pentsatu behar zuen, nork imajinatu behar zuen. Nork esan hemendik ordu batera gurekin izango ez dela! Nork esan hori asmatu behar zuela! Eta azkenean, nork esan, inor baino berritsuago azaldu zaigu.

nork jakin Auskalo. Ik. nork daki. Nork jakin egunen batean Popeieren indarra izango ez ote dugun. Eta egokiera etorrita, nork jakin!

nor... nor... Batzuk... beste batzuk... Herri berean bizi behar dugu, nork batera, nork bestera maite dugun herrian.

nora

1 adb. (Galdetzailea). Zer tokitara? Nora heldu gara? Nora joan? Nora bihurtuko ditut begiak?

2 adb. (Zehar-galderetan). Ez dakizue nondik datorren, ez nora doan. Gertariek erabili gaituzte orbela bezala, nora ez genekiela.

3 adb. (Erlatibozko esaldiak eratuz). Badugu nora begiratu gure inguruan eta geure baitan bertan. Berri zehatzagoen bila dabilenak badu nora jo. Baduzu lasaitzeko, hor nora joana.

4 (hara-rekin korrelazioan). Ik. nora ere. Zu nora, ni hara noa. Eguzkia nora, zapiak hara (esr. zah.).

ez nora eta ez hara (desagertu, ihes egin, galdu eta kideko aditzen indargarri gisa). Ez jakin nora. Aingeruak desagertu ziren, ez nora eta ez hara; ez zuten inoiz haien aztarrenik atera. Lagun honek diru harekin ez nora eta ez hara ihes egin zuen.

nora edo hara Norabait. Gertatzen bazaio egun batzuetarako nora edo hara joan beharra.

nora ere (Perpaus txertatu baten hasieran, aditz jokatuak bait- hartzen duela). Nora ere begiak hedatzen baititut, ez dut aurkitzen gauza flakorik baizen: begiak hedatzen ditudan lekura hedatzen ditudala, ez dut aurkitzen gauza flakorik baizen. || (hara-rekin korrelazioan). Nora ere doan, hara noakizu atzetik.

nora gabe Helbururik gabe, galdu-gordean. Ik. noragabe. Erlekumea nora gabe hegan ari denean. Hizketa nora gabe dabil, atzera eta aurrera.

norako 1 adj. Zer tokitarako? Norako asmoak dituzu? Aurrera gabe, azaldu beharko dut norako asmotan naizen hemen.

2 adb. Begira ezazu, kristaua, norako eta norentzat markatua zauden. Hemen aurkitzen garen guztiok norako ote gara?

norabait

adb. Tokiren batera. Ik. nora edo hara. Mezara edo norabait joan behar zuenean. Saulen jendeak mendi guztia estali zuen eta David erpin batean zegoen, hil edo bizi, norabait irten beharrean. Azterketa honek beste norabait eraman ninduen ustekabean.

norabait ere norabait-en indargarria. Dena saltzen zuen, etxetik kanpora, norabait ere.

norabide

1 iz. Fis. Gorputz batek, higitzen denean, egiten duen bidea edo lerroa. Norabide baten bi noranzkoak. Sortalde-sartalde norabidean.

2 iz. Norbait edo zerbait nora doan adierazten duen lerro zuzena. Ik. noranzko. Euskaltzaindiak mende honen erdialdera hartu zuen norabide berriari eskerrak. Hitzen etorkiaren norabidea irauliz. Kontrako norabidean. Bat-batean, ordea, haizeak norabidea aldatu zuen.

norabideratu, norabidera/norabideratu, norabideratzen

da/du ad. Orientatu.

noraez

iz. Nondik nora jo ez dakienaren egoera, orientazioa galdu duenaren egoera. Hor dabiltza inurriak ere, atzera eta aurrera, gelditu gabe, itxuraz noraez zoroan baina izatez beren bizilekuak eraiki nahian. Heriotza tristea izan zuen andrazko hark: haluzinazioak, noraeza, paranoia eta hitz egiteko zailtasunak.

noraezean

1 adb. Helbururik gabe, galdu-gordean. Itsasontzia noraezean zihoan.

2 adb. Ezinbestean. Ik. nahitaez. Ez ohi naiz sartu ardandegietan noraezean baino. Nire otoitzak dira laburrak, epelak, hotzak, noraezean eta nahitaez legez eginak.

noraezeko adj. Nahitaezkoa. Noraezeko premiak. Lan apal bezain noraezeko hori. Ezinbestekoa eta noraezekoa dela nahastekatze hori.

noragabe

adj. Helbururik ez duena, nora gabe doana. Ik. nora gabe. Gerra alferrikako eta noragabea.

noragabetu, noragabe/noragabetu, noragabetzen

1 da/du ad. Orientazioa galdu edo galarazi. (Batez ere, partizipio burutuan erabiltzen da). Noragabeturik ibili zen hirian barrena. Hotzilduak eta noragabetuak, jitoan, naufrago apurtuen gisa, baina bizirik! Hondoratzeko puntuan egon da, hitzen izugarrikeriak noragabetuta.

2 (Partizipio burutua izenondo gisa). Bapore noragabetua, tifoiak hustutako portuan.

noraino

1 adb. (Galdetzailea). Zer tokitaraino?, zer puntutaraino? Ate-leihoak zabaldu, baina noraino?

2 adb. (Zehar-galderetan). Hona noraino heldu zen San Agustinen santutasuna. Ikus noraino joan naizen zure bila nire oroimenean. Lege horiek noraino betetzen diren beste kontu bat genuke. Ez dakit nondik noraino jo dezakeen Euskaltzaindiak auzi honetan.

norainoko adj. Norainoko asmoetan hasiak garen gogoan eduki dezagun. Erremediorik bilatuko baldin badugu, gaitza norainokoa dugun jakin behar aurrenik.

noranahi

adb. Edozein tokitara. Ik. edonora; nora edo hara. Laster egizu hona edo horra, zoaz noranahi. Gaia estu mugatu beharra denez gero, ezin begiak noranahi heda. Begira zeuden, Jesus noiz jaikiko zen, noranahi jarraitzeko. || Ik. nora ere. Nirekin eramaten nuen txistua, noranahi nindoala. Noranahi goazela, beti egongo gara Jaunaren aurrean. Eta noranahi joan, berekin daramate zeruko gozamena.

noranahiko adj. Zernahitarako eta noranahiko oinarria. Larramendi izan da, lehenbiziko aldiz eta erabat, hizkuntza larrekoa noranahiko bihurtu nahi izan duena. Gizalegearen beltza: gizonak noranahiko eta emakumeak sukalderako!

norantz

adb. (Galdetzailea). Zer aldetarantz? Norantz zihoan? || Norantz ari garen jakiteko.

norantza

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, norantza-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. noranzko].

noranzko

iz. Norabide batean higitzeko dauden bi eretako bakoitza. Norabide baten bi noranzkoak.

norat

adb. Ipar. Nora; norantz. Norat eginen dut, Jauna, ez bada zugana? Ez dakizu ez nondik heldu den, ez norat doan. Dudan zeuden norat behar zuten partitu.

noratar

1 adj. Norakoa, Norari dagokiona.

2 iz. Norako herritarra.

noratsu

adb. (Galdetzailea). Nora gutxi gorabehera?

noratu, nora/noratu, noratzen

da/du ad. (Galderetan eta zehar-galderetan). Zah. Nora joan; nora eraman. Eta noratzen ote dira beren Jaunak nahi duena egiten dutenak? Ken ditzadala zugandik nire begiak?, ordea, noratuko ditut? Beste biak noratu ziren ez dakigu.

norbait

1 izord. (Ezezkoak ez diren esaldietan). Pertsonaren bat. Ik. inor; nor edo nor; bat edo bat; norbaitzuk. Norbait badugu atean. Norbait hautatu beharrean, Lizardi hautatuko genuke askok. Eri aurkitzen da zuetatik norbait? Egingo ahal du norbaitek lehenbailehen lan hori! Ez zitzaien, agian, esango du norbaitek, hain polita iruditzen. Herriko norbaitek. Beste norbaitekin joango naiz. Norbaiti gaitzen bat opa dionak. Bihozmin bat dugularik, orduan dugu norbaiten beharra sentitzen.

2 izord. (Ezezko esaldietan). Norbaitek ez du ordaindu. Baina, mutikoak, aran haiek ez ote dira norbaitenak?

norbait izan Nolabaiteko maila, itzala edo izena duen pertsona izan. Robert Petit norbait zen herrian eta herritik kanpo. Nafarroan norbait ziren guztiek ikasten zuten bezala.

norbaitzuk

izord. (Ezezkoak ez diren perpausetan). Pertsonaren batzuk. Bidean gora norbaitzuk zihoazela ikusi zuen. Ea norbaitek edo norbaitzuek aurrera jotzeko bihotzik aurkitzen ote duten. Hori gertatzen zaie beste norbaitzuei.

norbanako

iz. Gizabanakoa. Agiriak dioenez, pertsona guztiek berdin tratatuak izateko eskubidea dute eta norbanakoaren eskubideak nahiz eskubide kolektiboak bermatu beharra dago. Desberdintasun horiek egiten dute norbanako bakoitza desberdin.

norbera

izord. Hitz egiten ari dena, modu ez pertsonal eta orokor batean izendatzen duen hitza. Ik. batbedera. Albokoa norbera baino goraxeago ez ikusteagatik. Lagun hurkoa norbera bezala maite izan. Norbera bizi den etxeari ez dio inork su ematen. Nork ezagut dezake bere barne gogoa norberak baino hobeki? Bada, eduki hutsak ez norberari eta ez inori mesede egiten dio. Norberaren gogoko ez denarekin ezkontzea. Norberaren kaltean izan arren ere. Norberarenak edo besteenak. Ororentzat lan egiten denean, norberarentzat egiten dela.

norbere

adj. Heg. Norberarena. Norbera ardura bedi norbere buruaz.

norbereganatu, norberegana/norbereganatu, norbereganatzen

du ad. Norberegana etorri edo ekarri; norbere egin, norbere bihurtu. Ik. bereganatu. Euskal kultura kultura den heinean norbereganatuko litzateke, eta ez horrenbestez euskal den heinean.

norberekeria

iz. Berekoikeria, egoismoa. Sistema honek norberekeria, elkartasunik eza sorrarazten du.

norberekoi

adj. g.er. Berekoia, egoista. Gizonak norberekoi, zeken, harro, handiputz, madarikatzaile bihurtuko dira.

norberekoikeria

iz. g.er. Berekoikeria, egoismoa. Lokarria laxatu nahi dutenek ez dute herriaren zoriona bilatzen; norberekoikeria eta grinak jartzen dituzte zorion horren gainetik.

nordiko

adj. Edredoiez eta horien azalez mintzatuz, Europako iparraldeko herrialdeetan ohikoa den motakoa dena. Azpiko maindirea, ohazal nordikoa eta burko-azala.

norgehiagoka

1 iz. Lehiaketa, bereziki indarrak neurtzekoa. Aizkolarien arteko norgehiagoka hartan. Indar norgehiagoka. Elkarren lehia latza, norgehiagoka bortitza.

2 adb. Bi pertsona edo gehiagoz mintzatuz, bata bestearen indarrak neurtzen. Norgehiagoka bizi izan ziren hil arte.

norgehiagokako adj. Plazan ere hasi dira norgehiagokako partidak.

norgehiagokan adb. Norgehiagoka. Beste pilotariekin norgehiagokan jardutea.

noria

1 iz. Putzuetatik ura ateratzeko makina, gurpil batean kokaturik dauden hainbat ontziz eta gurpila mugitzeko mekanismo batez osatua dena. Noria horiek inguruko lurrak ureztatu ahal izateko eraiki zituzten.

2 iz. Jolas parkeetako zutikako gurpil handi birakaria, jendea esertzeko kabinak dituena. Norian ibili nahi duenak ordaindu egin behar du sarrera.

norikar

1 adj. Norikakoa, Norikari dagokiona.

2 iz. Norikako herritarra.

norlehenka

iz. Norgehiagoka. Kirol norlehenkak.

normal

1 adj. Ezer berezirik edo neurriz gainekorik ez duena, maizkoena edo ohikoena den motaren araberakoa dena. Perpaus baten ordena normala. Egoera normalean. Normaltzat jotzen diren gauzak.

2 (Adizlagun gisa). Baina ezin dituzu gauzak normal egin, ala?

3 adj. Kim. Disoluzioez mintzatuz, mol bateko kontzentrazioa duena.

4 adj./iz. Mat. Lerro zuzenez edo planoez mintzatuz, beste lerro zuzen edo plano batekiko elkarzuta dena.

5 adj./iz. Mat. Zuzenez mintzatuz, kurba batek eta harekiko tangente batek elkar ukitzen duten puntutik igarotzen den tangentearekiko elkarzuta dena.

normalean adb. Gehienetan, maizenik. Ik. jeneralean; normalki 2. Lubisen begiak, normalean hain lasaiak, larritasunez mugitu ziren.

normaldu, normal/normaldu, normaltzen

1 da/du ad. Normalizatu. Eguraldia normaltzen hasia da, aurreko egunetako haize zakarra baretu ahala.

2 (Partizipio burutua izenondo gisa). Hizkuntzaren egoera normalduetan idazkera ahoskeraren ondoren ikasten da.

normalizatu, normaliza, normalizatzen

1 da/du ad. Normal bihurtu. Ik. estandarizatu. Euskara idatzi eta mintzatua arauen bidez normalizatu nahian.

2 (Partizipio burutua izenondo gisa). Hizkuntza normalizatuak asko aldatzen dira eta hiztegiak etengabe berritu behar dira.

normalizazio

iz. Normalizatzea. Ik. estandarizazio. Euskararen erabileraren normalizazioaren kontrako jarrerek pisu handia dute unibertsitateen barruan.

normalki

1 adb. Normal.

2 adb. Normalean.

normaltasun

iz. Normala denaren nolakotasuna. Normaltasuna da nagusi. Egunen batean, dena berriro normaltasunera bihurtzen denean.

normaltze

iz. Normal bihurtzea. Segurtasun ezak eta drogek normaltze prozesua oztopatzen dute.

normatibo

1 adj. Arauemailea. Sormena behar du euskararen normalizazioak, festa, sentimendua, askotariko motibazioak, emozioak... baina baita planak, dekretuak eta hizkuntza-politika normatiboa ere.

2 adj. Arauena, arauei dagokiena. Gurea munduko hezkuntza-sistema hoberenen parera eramateko bide egokiena eta eraginkorrena baita hezkuntza-sistema eta marko normatibo propioak edukitzea.

nornahi

1 izord. Edozein pertsona. Hortik kanpo, Mattin nornahi bezain gizon ona eta atsegina da. Nornahik ikus zezakeena besterik ez nuen esan. Hauxe da nornahiri euskararen gaitasunak adierazteko biderik zuzenena. Arras axola gutxi zuen nornahiren biziak. Nonahi nornahirekin erabiltzen den diosala. Mahaia eta sakela beti zabal zeuzkan nornahirentzat.

2 (Perpaus kontzesiboak eratuz). Nornahi izan zaitezen ez zara sartuko. Gizona, nornahi dela, zer da gizon besterik?

nornahi den 1 izord. Ipar. Nornahi. Hori galdetzen duenak ez du nahi justiziarik, egiten duenean zerua nornahi denen tokia.

2 (Perpaus kontzesiboak eratuz). Ipar. Nornahi den eta nolakoa nahi den zarela.

nortasun

1 iz. Gizabanako baten izaera eratzen duten ezaugarrien multzoa. San Frantziskok ere badu, noski, bere nortasun ageria. Nire nortasun hutsa janzten duten hezur, mami, sinesmen eta pentsabideak. Autorearen nortasunaz eta nortasun hori moldatu duen bizitzaz zerbait jakitea.

2 iz. Pertsona bat gainerakoetatik bereizten duen gauza. Nortasun handia du.

3 iz. Zerbaiten izaera eratzen duten ezaugarrien multzoa. Giza nortasuna. Zuberoako euskalkiaren nortasun berezia. Nortasun handiko eskualdea.

nortasun-agiri iz. Pertsona bat nor den jakinarazten duen txartela. Etxean nortasun-agiri faltsuak, dokumentazioa eta ordenagailu bat atzeman zituen Ertzaintzak.

norte

iz. Heg. Beh. Iparra.

nortsu

izord. (Galdetzailea). Gutxi gorabehera nor? Nortsu zen edo zertsu bizitza eraman zuen.

nortu, nor/nortu, nortzen

da/du ad. Giza nortasuna hartu edo eman. Ik. zertu. Lizardi, lirikan bertan, izaki bizigabeak pizten eta nortzen saiatu zen. Teatro mota horretan, batzuetan nortzen ere dituzte Zuzentasuna, Bakea, Egia, Urrikalmena.

nortze

iz. Giza nortasuna hartzea edo ematea. Unibertsitatea nortze pertsonal eta kolektiborako espazio gisa ulertzen dugu.

nortzuk

izord. pl. Batez ere Bizk. Nor? (Pertsona bat baino gehiago adierazten du). Nortzuk dira ene anaiak?

norvegiar

1 adj. Norvegiakoa, Norvegiari dagokiona. Norvegiar agintariak.

2 iz. Norvegiako herritarra.

norvegiera

iz. Norvegian mintzatzen den hizkuntza germaniarra.

noski

1 adb. Jakina!, horixe!; egiazki, dudarik gabe. Bai, noski! Huts egin dezakeela?: noski, bada. Bidea hain ongi dakienak ez du, noski, gidari beharrik. Azkeneko hitza, noski, herriak izango du.

2 adb. g.er. Seguru asko. Gizon prestu hark ez zuen, noski, ardoaren indarrik ezagutzen.

bai, noski Bai horixe. —Idazleen iritziak aintzat hartzen al dituzu? —Bai, noski. —Zer edo zer aldatzen ari da? —Bai, noski; zalantzarik gabe.

ez, noski Ez horixe. Bakarrik ote zen eginbide horretan?, ez, noski. —Gutarren artean aurkitzen dugun zoriona, ez duk diruarekin erosten dena. —Ez, noski.

noski baino noskiago Zalantzarik gabe. Euskalariak baino areago euskaldun eta euskaltzaleak behar ditugu, noski baino noskiago.

[Oharra: noski baietz! eta kideko esapideen lekuan, Euskaltzaindiak bai, noski! eta kidekoak erabiltzea gomendatzen du].

nostalgia

iz. Maite den zerbaitek, harengandik urrun egotean, eragiten duen goibeltasunezko egoera. Ik. herrimin. Haren nostalgiak bizirik baitirau oraino mendeen buruan.

nostalgiko

1 adj. Nostalgiarena, nostalgiari dagokiona; nostalgia adierazten duena. Mikelek irribarre labur eta nostalgiko bat egin zidan. Hiriari darion tristura nostalgikoa.

2 adj./iz. Nostalgia duena, nostalgia sentitzen duena. Mundua mundu denetik hain ugariak diren ero nostalgiko halakoak!

nota1

1 iz. Mus. Musika-soinu bat adierazteko ikurra; soinu hori bera. Musika-notak. Doinuaren notak. Kantariak ahots gardena eta garbia lortzen du nota altuetan.

2 iz. Azterketa bati ematen zaion kalifikazioa. Eskolako notak.

nota2

iz. Ipar. g.er. Lohidura, orbana. Jatorrizko bekatuaren nota beltzetik zu garbitzeko.

notalgo

iz. Ipar. Notariotza.

notari

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, notari-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. notario].

notario

iz. Herri enplegatua, hilburukoen, hitzarmen agirien, saleroste idazkien eta kidekoen fede ematen duena. Ik. eskribau. Notarioaren aurrean izenpeturiko idazkia. Notarioaren bulegoan pasatu dute goiza.

notario agiri, notario-agiri iz. Notario batek sinaturiko agiri publikoa. Ik. eskritura 2. Testamentuan nahiz notario-agirian bilduriko xedapenetan.

notario akta, notario-akta iz. Notario batek eginiko agiria, gertaera edo ekintza baten fede ematen duena. Horretarako, erregistroan aurkeztuko da aipatu kopuruak eman direla jasotzen duen notario-akta. Interesdunari inskripzioa eskatu dela jakinaraziko zaio, bai erregistratzaileak emandako hitzez-hitzezko kopiaren bidez, bai notario-aktaren bidez.

notariotza

iz. Notarioaren lanbidea eta jarduera. Udalak notariotza-zerbitzua eskainiko du datorren otsailaren 7tik aurrera.

notazio

iz. Matematika, musika, kimika eta kidekoetako kontzeptuak ikur eta sinbolo bitartez irudikatzea; horretarako erabiltzen den ikur eta sinbolo sistema. Notazio hamartar hindua Bagdadeko matematika-eskolan sortu zen, 770. urtean. Notazio bektorial arrunta erabiliz. Antso Azkarraren garaiko kantu gehienak Akitaniako notazioa delakoarekin idatziak dira.

notizia

iz. Heg. Herr. Berria, albistea. Pasaiako plazatik dator notizia, zezen bat atera da, jenioz bizia.

notokorda

iz. Zool. Animalia kordatuen gorputza goitik behera zeharkatzen duen kartilagozko korda modukoa.

noziarazi, noziaraz, noziarazten

du/dio ad. Nozitzera behartu, pairarazi. Arrebari egindako bidegabekeria berak noziarazi nahi izan zion.

nozio

iz. Zerbaiti buruzko ideia edo ezagutza. Ik. adigai; kontzeptu. Biologia modernoaren lorpenen eskutik etorritako nozioek, sarritan, tupust egiten dute luzaroan onetsi diren eta oraindik ere indarrean dauden ideiekin.

nozional

adj. Nozioarena, nozioari dagokiona. Jespersen-en gramatika nozionala.

nozitu, nozi, nozitzen

du ad. Pairatu, jasan, eraman. Martiritza nozitu. Oraingo hutsegite hau gero nozitu zuten.

nu

iz. Alfabeto grekoko hamahirugarren letra (ν, Ν).

nuakxotar

1 adj. Nuakxotekoa, Nuakxoti dagokiona.

2 iz. Nuakxoteko herritarra.

nubiar

1 adj. Nubiako, Nubiari dagokiona. Nubiar zibilizazioa.

2 iz. Nubiako herritarra. Geroztik, nubiarrak bigarren mailako herritarrak izan dira egiptoarrentzat.

nudismo

iz. Higiene, estetika edo erlijio arrazoiengatik, gorputza biluzik erakustea; jarduera horren alde egiten duen doktrina. Nudismoak gora egin du azken urteetan.

nudista

1 adj./iz. Pertsonez mintzatuz, nudismoaren jarraitzailea dena. Nudistak ezin dira "jantzita daudenen eremuan" biluzik ibili; jantzita daudenak, aldiz, lasai-lasai ibiltzen dira biluzik daudenen artean.

2 adj. Tokiez mintzatuz, jendea jantzi gabe, biluzik egon daitekeena. Hondartza nudista.

nuklear

1 adj. Nukleoarena, nukleoari dagokiona; bereziki, atomoaren nukleoari dagokiona. Erreakzio nuklearra: atomoaren nukleoan gertatzen den erreakzioa.

2 adj. Energiaz mintzatuz, erreakzio nuklear batean sortzen dena. Indiak energia nuklearraren bidez lortzen du kontsumitzen duen argindarraren % 3.

3 adj. Energia nuklearra erabiltzen duena. Guri begira daude une honetan milaka eta milaka arma nuklear.

Oharra: azken eguneraketa 2022-01-12

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako Atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Conde Oliveto, 2. 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper