Euskaltzaindiaren Hiztegia hiztegi arauemailea da, oinarrian 1991n hasi eta 2015ean burutu zen Hiztegi Batua duena, eta adieraz, adibidez eta azpisarreraz eta sarrera berriz hornitzen duena (eguneratze honetan, guztira 38.222 sarrera, 10.083 azpisarrera eta 67.722 adiera jaso dira).
Tradizioan eta egungo corpusetan oinarriturik, hitz bakoitzari dagozkion adibide argigarriak eskaintzen dizkio erabiltzaileari. Gainera, formak arautzeko baliatu diren datu eta argibideetara, Hiztegi Batu Oinarridunera, eta adibideen iturri izan diren Orotariko Euskal Hiztegira, XX. mendeko euskararen corpus estatistikora eta Lexikoaren Behatokia corpusera zuzenean jotzeko bidea ere ematen dio, bai eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasera ere.
Euskal hitzen gaztelaniazko ordainetara joan nahi lukeen erabiltzaileari Adorez 5000 hiztegirako esteka eskaintzen zaio, eta badu Azkueren hiztegian kontsultak egiteko esteka ere, Aurten Bai Fundazioaren aplikazioaren bidez.
Azkue Biblioteka eta Artxiboa Euskaltzaindiaren zerbitzura dago. Horrez gainera, zabalik dago ikertzaile ororentzat, eta bere ahalbideen neurrian euskal kultura gaien ikerkuntza eta hedapena sustatzen eta laguntzen saiatzen da.