Osagai emankorra izan da tradizioko hitzetan, adierak adiera. Horrelakoetan, loturik ageri da gehienetan: artaburu, azaburu, orburu, pinaburu...; txoriburu, urraburu, zapaburu...; asteburu, bestaburu, hiriburu....; bepuru, besaburu, eskailburu, leihoburu, oheburu...
Badira, gutxiago izanik ere, marratxoz edo bereiz idazten direnak ere: eskailera(-)buru, karrika(-)buru, mendi(-)buru, bide(-)buru...; lasterketa(-)buru, pelotoi(-)buru...; baratxuri(-)buru, arto(-)buru, aizkora(-)buru...
Batzuk bi formatan ageri dira (tradizioa vs gaurko erabilera): artaburu/arto(-)buru, eskailburu/eskailera(-)buru.
‘Dena delakoaren arduraduna’ adiera duten hitz-elkarte berriek eragiten dute zalantza nagusia. Loturik idazten dira halakoak: mintegiburu, sailburu, batzordeburu, ontziburu, zerrendaburu, euskaltzainburu... Lehen osagaia lau silaba edo gehiagokoa denean, hala ere, zilegi da honetara ere: ordezkaritza-buru, ordezkaritzaren buru; ikasketaburu, ikasketa-buru; argitaralpenburu, argitaralpen-buru... [EH; 25. araua]