Berez, ekialdeko euskalkietakoa da -(e)larik menderagailua, eta batez ere denbora edo modua adierazten du, euskalki gehienetan erabiltzen den -(e)lak bezala; testuinguruaren arabera, baina, azalpena, baldintza zein kausa adierazteko ere balio du. Askotan zaila da bereiztea denbora, modu, baldintza edo kausa nozioa adierazten den.
- -(E)LARIK/-(E)NEAN. Denbora (aldiberekotasuna) adierazten du esaldi hauetan -(E)LARIK menderagailuak: Sarako ezkilak bederatzi orenak jotzen zituelarik, (...) mutiko gazte bat (...) hegian barna (...) zihoan. Gurasoak etorri direlarik, alde egin duzu. Sei urte nituelarik hasi nintzen eskolara. Gelan sartu zelarik, isiltasun handi bat egin zen. Leihotik erori zelarik, hanka hautsi zuen. Denborazko -(e)nean menderagailuaren parekoa da horietan.
Denboraz bestelako nozioak (modua, kausa, azalpena, baldintza) ere adierazten ditu esaldi hauetan: Hain ona delarik, nola ez maita? Zu nirekin zarelarik, ez naiz inoren beldur. Radarrak jarri direlarik, autoen abiadura motelduko da. Atezaina begirada beldurtiz hurbildu zitzaien, eskuan linterna zeramalarik.
- -(E)LARIK/-(E)LA. Biak erabil daitezke adizki burutugabeekin (batez ere iraupeneko adiera duten ari izan, egon, jardun, ibili, izan aditzekin). Aita sartzen zeLARIK (zeLA), ume guztiak isildu egiten ziren. Atezaina hurbildu zitzaien, eskuan linterna zeramaLARIK (zeramaLA). Oraindik haurra zeLARIK (zeLA), zaharrek bezala hitz egiten zuen. Uribarri auzoan belarrak erretzen ari zireLARIK (zireLA), sua hedatzen hasi da. Baina aditzen adizki burutuekin, -(E)LA ez da erabiltzen. Halakoetan, -(E)LARIK erabili behar da. Partida amaitu zeLARIK (*zeLA), txaloka hasi ginen. Leihotik erori zeLARIK (*zeLA), hanka hautsi zuen.
Tradizio oso urrikoak dira, eta sarri kalko desegoki baten ondorio, honelakoak: *Leihotik erori zen, hanka hautsi zuelarik (> Leihotik erori zen, ETA hanka bat hautsi / Leihotik erori, ETA hanka hautsi zuen). [Okerra dela ulertzen da baldin hori dioenak Leihotik erori zen eta hanka hautsi zuen adierazi nahi badu]. )
EUSKALTZAINDIA (2005). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VI (EGLU VI). Bilbo: Euskaltzaindia (289).
— “Denbora adieraztea: -nean / -larik (etorri direnean, alde egin duzu / etorri direlarik, alde egin duzu)”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (67-68).
EHUko Euskara Zerbitzua (2012). "-(e)larik", Ehulkuren aholku guztiak.