Hitzen hasierako letrez osatzen diren izenak dira berez siglak: AEK (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea).
Sigla-mota bat dira akronimoak ere, ez letraz letra baizik eta hasierako letrez gain beste bat edo batzuez osatuak eta hitz arrunt bezala irakurtzen direnak: EIMA (Euskarazko Ikasmaterialgintza). Erabiliaren erabiliaz, sigla izateari utzi eta izen arrunt bilakatzeko joera ere badute eta, ondorioz, halakoak hiztegian ageri dira (hies, esaterako). Jarraibide berak izaten dituzte siglek eta akronimoek.
Euskaltzaindiak gai honi buruzko berariazko araurik eman ez duen arren, egungo gramatika eta estilo-liburuetan hautu nahiko adostua dago praktikan prosa estandar zainduan.
Jarraibide berak dituzte siglek eta akronimoek:
- Letra larriz, arruntez eta punturik gabe idazten dira: EGLU, EAE, HABE, AEK, ELA, LAB, UGT, BEZ, CD, CD-ROM...
Hala ere, kasu gutxi batzuetan, sigla eta akronimo batzuk izen berezi gisa idazten dira, marka bihurtu direlako (Renfe, Seat) edo sei letra edo gehiago izanik hitz gisa —eta ez letraka— irakurtzen direlako: Unesco...
- Testu osoa letra larriz dagoenean (tituluetan eta), kasu-marka marratxoz lotu ohi da: UZEI-REN GUNE BERRIA.
- Esan bezala, siglak beti letra arruntez idazten dira, nahiz eta ordezkatzen duten izena letra etzanez idaztekoa izan: EGLU (Euskal Gramatika. Lehen Urratsak); RIEV (Revista Internacional de Estudios Vascos-Nazioarteko Eusko Ikaskuntzen Aldizkaria).
- Letra larriz idazten diren siglak ezin dira zatitu lerro-bukaeran: *Horretaz deus ez du esan A- // EBko estatu-idazkariak (> AEBko).
NOLA IRAKURRI. Ohiturak ohitura, sigla batzuk silabaka irakurtzen dira, eta beste batzuk, letraka (silabaka ezin irakurriak ekartzen du letraka irakurri beharra):
Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) / [e-hatxe-u]
Euskal Herrian Euskaraz (EHE) / [e-hatxe-e]
Trafiko eta aparkamenduaren ordenamendua (TAO) / [ta-o]
Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) / [e-ga]
Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ) / [e-a-jota]
Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB) / [lab]
Gutxiago badira ere, badira hitz arruntak bezala irakurtzen direnak ere: Unicef / [u-ni-zef] (Horixe da goragoko Unescoren kasua). Bada zati bat letraka eta bestea silabaka irakurtzen denik ere: Partido Socialista Obrero Español (PSOE) / [pe-so-e].
KASU-MARKAK NOLA LOTU
- Marratxorik gabe lotzen dira, salbu eta siglaren azken letra berberaz hasten denean atzizkia ere:
UEUn (*UEU-n); ETBko kazetariak (*ETB-ko); AEBko presidentea (*AEB-ko); EAJren ordezkaria (*EAJ-ren); EPPK-k atera du agiria (...). BBK-k adierazi du AEK-ko ikasleek gogotik eskertu dutela BBKren dirulaguntza.
- Siglaren azken letra R gogorra denean, ez da r letra errepikatu behar lotura egiteko; zuzenean lotzen zaio kasu-markari edo marratxoa erabiltzen da: FAGORen lana goraipatu du RPRko diputatu ohiak. Iheslariak babesteko eskatu du UNHCRek. RPR-ren izenean dator.
- Nola irakurri, hala lotzen zaio kasu-marka. Baina kontuan izan behar da datu hau:
• Sigla batzuk izen berezien ordezkoak izaten dira; hala denean, haiek bezala hartzen dituzte kasu-markak (leku-izen bereziek bezala, alegia): EUTGko [eu-te-ge + ko] irakaslea da. EUDELeko [eu-del(e) + ko] arduradunak AEBra [a-e-be + ra] (*AEBetara) joan dira.
• Beste batzuk izen arrunten ordezkoak dira —BEZ (balio erantsiaren gaineko zerga), CD (compact disc), PC (personal computer), GKE (gobernuz kanpoko erakunde), NAN (nortasun-agiri nazional: (es) DNI, (fr) CNI)—, eta haiek bezala moldatzen dira; hau da, artikulua hartzen dute: Non grabatu duzu CDa?; Nork itzali ditu PCak?; Zenbat ordaindu duzu BEZa?; Bihar hastekoa da GKE-en biltzarra; DNAren sintesia; Non jarri behar da NANaren zenbakia?...
- Sigla eta sinbolo berezi batzuk nola lotu.
a) Siglak direnez, marratxorik gabe honelakoak:
[Lehen Hezkuntza] LHko materiala
[Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza] DBHko liburua, DBH 4ko ikasleak
b) Sinboloak marratxoz lotzekoak dira; berdin haien moldekoak ere konbentzioz:
• [3A/3B ikastaldeak edo gelak direlarik] 3A-ko ikasleak, 1C-ko haurrak. Zoaz azkar 3B gelara / Zoaz azkar 3B-ra (*3Bra).
• [A eta B enpresak direlarik] A-ren urteko errenta; B-ren lan-plana.
• [h letra] h-aren idaztarauak, v-aren balioa, b-aren ahoskera...
• Hau da egitekoa: a-ren eta x-ren balioa aurkitzea.
EUSKALTZAINDIA (1969-1970). Euskera. XIV.
ZUBIMENDI, Joxe Ramon (2004). Ortotipografia. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (33-35).
BERRIA (2006). Estilo-liburua. Donostia: Berria.
MUJIKA, Alfontso (2015). "Sozietate anonimo eta bestelakoan inguruan: laburdurak, komak eta siglak", 31 eskutik.