Hitz baten edo sintagma baten laburtzapen idatzia da laburdura, hura osatzen duten letrak murriztuz eratzen dena. Adibidez, telefono hitzaren laburdura tel. da.
Hizkuntza bakoitzak bere laburdurak izaten ditu. Gurean, Euskaltzaindiak arau esplizitu gisa ez dauka ezer arauturik (nahiz erabiltzen dituen, esaterako, hizkuntzalaritza-esparrukoak Euskaltzaindiaren Hiztegian). Guk, obra honetan, Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuko EIMAren estilo-liburuari —Ortotipografia liburukiari, hain zuzen— jarraitu diogu nagusiki, azken urteotan gure gizartean errotuz joan diren konbentzio nagusiak ondo jasotzen dituelakoan. Datu gehiago behar izanez gero, egoki da Euskaltermen laburduren hiztegira jotzea. (http://www.euskadi.eus/euskalterm/).
1. Letra arruntez idazten dira laburdurak, eta bukaeran puntua daramate (siglek, akronimoek eta sinboloek ez bezala). Salbuespena “vs” da —alegia, versus (‘aurka, kontra’)—; laburdura horrek ez darama punturik.
2. Laburdura gutxi erabiltzen da idazki arruntetan, helbideetan izan ezik: jn. (jauna), and. (andrea), k. (kalea, karrika), esk. (eskuina), ezk. (ezkerra), z.g. (zenbakirik gabea), pl. (plaza), hirib. (hiribidea), etorb. (etorbidea), pas. (pasealekua), zum. (zumardia), zehb. (zeharbidea), etx. (etxea), bas. (baserria), ind. (industrialdea), pol. (poligonoa)...; Estafeta 8 / Estafeta k. 8 / Estafeta kalea 8 / Estafeta 8, 3.a.
3. Testu berezietan, alorrean alorreko laburdurak erabiltzen dira, eta sarreran agertu ohi da erabilitako laburdura ezohiko edo antzemangaitzen zerrenda eta bakoitzaren esanahia. Euskaltzaindiaren Hiztegian, esaterako, besteak beste, hauek ageri dira: iz. (izena), ad. (aditza), adb. (adberbioa), eta abar, zeinak guk ere halaxe darabiltzagun obra honetan (17. or.).
4. Testu berezietan izan ezik (hiztegietan eta), hitz laburrak ez dira laburtu ohi. Ez da egokia, esate baterako, ikus hitza laburturik idaztea (*ik.) testu arruntetan. Beste horrenbeste gertatzen da euro hitzarekin ere: ez da laburtu behar; izatekotan, beraren sinboloaz (€) ordezkatzen da.
5. Laburdura gehienak letra xehez idazten dira, baina ez den-denak. Badira letra larriz idazten direnak ere: P.D. (post data), P.S. (post scriptum), N.B. (nota bene), R.I.P. (requiescat in pace), G.B. (goian bego), O.E. (ontzat emana)... Baita letra larriz eta xehez idazten direnak ere: K.a. (Kristo aurreko), K.o. (Kristo ondorengo).
6. Laburdurari ez zaio atzizkirik erantsi behar; ezta marratxorik ere, testu berezietan izan ezik. Hortaz, *alkate jn.-k, *27. or.-ko, *fra.-rena, *etab.-etan... idatzi ordez, oso-osorik idazten dira hitzak: alkate jaunak, 27. orrialdeko, fakturarena, eta abarretan.
7. Laburdura ahoskatzean, laburtutako hitza irakurri behar da, hitz osoa, eta ez laburdura bera. Esate baterako, eta abar irakurri behar da beti etab. laburdura.
Laburdura erabilienak: adib. (adibidez), or. (orrialdea(k)), fra. (faktura), koop. (kooperatiba), tel. (telefonoa), etab. (eta abar), etc. (et caetera), id. (idem), zk. (zenbakia), k.k. (kontu korrontea), g. er. (gutxi erabilia), esr. zah. (esaera zaharra)...
Asteko egunak: al. (astelehena), ar. (asteartea), az. (asteazkena), og. (osteguna), or. (ostirala), lr. (larunbata) eta ig. (igandea).
Hilak: urt. (urtarrila), ots. (otsaila), mar. (martxoa), api. (apirila), mai. (maiatza), eka. (ekaina), uzt. (uztaila), abu. (abuztua), ira. (iraila), urr. (urria), aza. (azaroa) eta abe. (abendua).
Bi ohar:
Enumerazio bateko azken elementuarekin doanean, ez da komarik jarri ohi eta abar osorik badoa: Denek zekiten hori: kazetariek, kritikariek eta abar. Koma jarri ohi da laburdura erabiltzen bada: Denek zekiten hori: kazetariek, kritikariek, etab.
MUJIKA, Alfontso (2015). "Sozietate anonimo eta bestelakoen inguruan: laburdurak, siglak eta komak", 31 eskutik.