Koloreen berri emateko, bi modu ditu euskarak:
a) Izenaren bidezkoa (arrosa, gaztaina, teila, ardo, urre, berun, odol...), elkarketa bidez ematen dena: arrosa(-)kolore (arrosaren kolore), gaztaina(-)kolore (gaztainaren kolore), ardo(-)kolore (ardoaren kolore)... Joskeran, jokaera bikoitza dute, izenlagun gisa eta izenondo gisa erabiltzen baitira: arrosa(-)koloreko galtzak eta galtza arrosa(-)koloreak. Molde honetakoetan bilakaera bat dago, gaur egun, arrosa hitza, izen gisa ez ezik, izenondo gisa ere erabiltzen baita (soineko arrosa, galtza arrosak...); antzeko kasua izan daiteke laranjarena (elastiko laranja).
b) Izenondo bidezkoa: berde, gorri, gris, urdin, beltz, hori... Halakoak izenaren eskuinetik eman ohi dira beti: alkandora berdea, auto gorria, jertse beltza... Molde honetakoetan sarri egiten da akatsa kolore izenarekin (gaztaina(-)koloreko eta gisakoen analogiaz edo). Izenondoak izenaren eskuinean joan behar du; beraz, *gorri kolore, *gorri koloreko (> kolore gorri, kolore gorriko); *urdin kolore (> kolore urdin).
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (153).