Baliokideak dira izenordain direnean (bakoitz hitzak baditu, hala ere, adiera gehiago). Ekialdean batbedera dute baliokidea:
Norberak egin dezala egin behar duena.
Bakoitzak egin dezala egin behar duena.
Batbederak egin dezala egin behar duena.
NORBERE/NORBERAREN genitiboak. Tradizioan biak baliokide ageri dira askotan (bere bihurkariarekin eta beraren molde berretuarekin gertatu izan den bezala . Biak dira zuzenak; biak ageri dira Euskaltzaindiaren Hiztegian. Estilo-liburu batzuek, dena den, norbera izenordaina nor + BERA osagaiek eratua denez, BERAren genitiboaren moldea hobesten dute: norBERAREN. Norberaren ardurak ez dagozkio beste inori (‘bakoitzaren ardurak’).
NORBERE ≠ NOR BERE. Ez dira nahastu behar, sail ezberdinekoak baitira. Nor bere forma (eta horren saileko diren nork bere eta nori bere) norbera eta bakoitz izenordainen baliokidea da: Nor bere ardurekin bizi da (‘bakoitza bere ardurekin’, ‘zein bere ardurekin’). Nork bere ardurak hartu behar ditu / Bakoitzak bere ardurak hartu behar ditu / Zeinek bere ardurak hartu behar ditu.
EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (58-59).
—(2002). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (65).
— “Lexikoa: norbera/bakoitza, norberaren/norbere, norbere /nor bere”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (99).
EHUko Euskara Zerbitzua (2013). "Norbera", Ehulkuren aholku guztiak.