Euskera 2016,2 ikerketa zenbakia irailean argitaratuko da. Zenbaki arrunta (Euskera 2016, 61,1) sarean soilik argitaratu bada ere, ikerketa zenbakia paperean irakurtzeko aukera ere izango da.
Aurtengo ikerketa zenbakiaren gai nagusia Euskararen Biziberritzearen Erronkak jardunaldiak emandako ondorioak izango dira. Horren harira Patxi Saezek eta Bittor Hidalgok euskararen egoera eta erronkei buruzko artikulu argigarriak aurkeztuko dizkigute. Olatz Altunak eta Maialen Iñarrak kale-erabileran jarriko dute arreta. 2016ko azterketak emandako datuak oinarri hartu eta erabilerak dituen erronken gainean hitz egingo digute. Patxi Juaristik, ordea, hiztun komunitateek izan beharko luketen harremanez hitz egingo digu, balore etikoetan oinarritu behar diren harremanez.
Zenbaki honen prezioa 20 eurotakoa da, eta, urtero ikerketa zenbakia jaso nahi izanez gero, harpidetu zaitezen gonbidatzen zaitugu. Harpidetzaren prezioa 18 eurotakoa izango da, bidalketa gastuak barne. Interesa izanez gero Argitalpen eragilearekin harremanetan jarri: Jon Artza: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko..
Euskaltzaindiak bere web orrian jarri du Euskera 2016, 61,1 zenbakia. Zenbaki honek Euskaltzaindiaren lana eta bizitza akademikoa biltzen ditu.
Orain arte paperean argitaratu bada ere, hemendik aurrera, soilik sarean jarriko da.
2016ko zenbakian, ohiko atalez gain, Miguel Javier Urmeneta eta Jose Antonio Loidiren jaiotza-mendeurrenaren karietara antolaturiko ekitaldien berri ematen da.
Halaber, Euskararen biziberritzearen erronkei buruz eta Ipar Euskal Herrian hizkuntzak bizi duen egoera lantzeko egin ziren jardunaldien albiste ematen da. Tartean, Kike Amonarrizen eta Josu Waliñoren ekarpenak jaso ditu argitalpen berriak (Amonarrizen 'Berrikasi eta berrikusi. Euskaltzaleok batzen gaituena garrantzitsuagoa delako' eta Waliñoren 'Euskara eta Internet: zortzigarren lurraldea konkistatzen').
Euskaltzaindiak 'Amiküze eskualdeko eskuara' ikerlana publikatu berri du, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz (gure web orrian eskuratu daiteke: klikatu hemen).
Liburu honek urte luzeetako lana dakar, hots, Nafarroa Behereko goi alderdiko ibar bateko euskararen azterketa sakona. Indarra galduz doa euskara Donapaleu buru duen Amiküzeko eskualdean, gizartean ahul dago, horregatik, azken urteetan adineko jendeekin egonez mintzoa biltzea eta aztertzea izan da lan interesgarri honen helburua. Horretarako, Amiküzeko eta ondoko ibarretako herrietara jo du egileak, grabazio luzeak egitera: 49 herritara jo du, eta adineko euskaldunen etxeetan jardun du datuak biltzen.
Iñaki Camino Lertxundi doktoreak ondu du lan berria, eta, Amiküzeko biztanleen mintzoaz gain, eskualdeko euskal testu historikoak aztertu dira. “Ez Amiküzekoak bakarrik, baita ondoko Zuberoako, Hazparnealdeko, Bardozeko Aturrialdean, Arberoako edo Oztibarrekoak ere”, egileak berak azpimarratzen duen legez.
(Iñaki Camino Lertxundi EHUko doktore eta ikerlaria, Nafarroan egindako aurkezpen ekitaldian).
Besteak beste, Arabako eta Gipuzkoako lurralde-ordezkari berriak izendatu dira. Aurrerantzean, Roberto Gonzalez de Viñaspre izango da Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria, eta Miriam Urkia Gipuzkoakoa. Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko ordezkariak orain arteko berak izango dira, hain zuzen, Andres Iñigo eta Xarles Videgain.
(Miriam Urkia, Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkari berria)
Dekretu baten bitartez, Akademiaren B tituluarekin batera, Herri Ardulararitzaren Euskal Erakundearen (HAEE) eta Osakidetzaren 4. hizkuntza eskakizunak, eta HABEren 4. mailako egiaztagiriak C2rekin baliokidetu dira.
Andres Iñigo (euskaltzaina eta HABEko Patronatoan Euskaltzaindiaren ordezkaria): "Eskertzekoa da hartutako erabakia, hain zuzen ere, horren bitartez, bere garaian ilusio, interes eta esfortzu bereziarekin B titulua lortu zutenei merezi duten errekonozimendua aitortzen zaielako; Euskaltzaindiaren kasuan B titulua lortu zuten 240 pertsonei".