• Euskaltzaindiak nazioarteko bederatzi kongresu antolatuko ditu 2018 eta 2019 bitartean. Baionan egingo da lehena.
  • Euskararen lurralde guztietan egingo dira, Euskaltzaindiaren batzorde, lantalde eta egitasmo guztien parte hartzearekin.
  • Nazioarteko kongresuez gain, ekintza artistikoak ere bultzatu eta antolatuko ditu Akademiak. Tartean, musika kontzertuak, antzerkia edo erakusketak.
  • Besteak beste, euskararekin, euskal kulturarekin eta euskal gizarte osoarekin duen konpromisoa berriztatzeko baliatu nahi du Mendeurrena Euskaltzaindiak.

Guztira, bederatzi izango dira Akademiak antolatuko dituen nazioarteko kongresuak, 2018ko irailean hasi eta 2019ko iraila bitartean egingo direnak. Euskararen lurralde guztietan egingo dira, Euskaltzaindiaren batzorde, lantalde eta egitasmo guztien parte hartzearekin. Halaber, Akademiaren jardun eremu eta aztergai guztiak jorratuko dira kongresuotan.

Euskaltzaindiak Mendeurrena baliatu nahi du euskararekin, euskal kulturarekin eta euskal gizarte osoarekin duen konpromisoa berriztatzeko, eta, bide batez, dei zabal bat egin nahi dio euskal gizarte osoari. Hain zuzen, aldi berriari, XXI. mende korapilatsu baina itxaropentsu honi, ilusio berrituarekin ekiteko deia, denok baikara ezinbestekoak euskara biziberrituko badugu.



EGITARAU AKADEMIKOAK


EZAUGARRIAK
- 9 jardunaldi.
- 2018ko irailean hasi eta 2019ko iraila bitartean.
- Euskararen lurralde guztietan.
- Nazioartekoak.
- Euskaltzaindiaren jardun eremu eta aztergai guztiei buruzkoak.

Jardunaldi akademiko guztien zerrenda:

1. gaia: Euskararen Batasunari Ipar Euskal Herritik egindako ekarpena. Jardunaldia eta erakusketa.
Non: Baionan.
Noiz: 2018ko irailean.
Helburuak:
- 60ko hamarkadaren hasieran hainbat bilkura egin ziren Euskara Batuaren oinarriak lantzeko, horietako batzuk Baionan. Bilkura horien ekarpen nagusiak azpimarratzea.
- Aurrera begira, Ipar Euskal Herritik begiratuta, Euskara Batuak dituen erronkak identifikatzea.

2. gaia: Euskararen Batasuna.
Non: Arantzazun.
Noiz: 2018ko urrian.
Helburuak:
- Egindako bidea azaltzea.
- Gizartea batasunaren garrantziaz ohartaraztea.
- Egungoaz gogoeta egitea.
- Eginkizun dagoena definitzea.

3. gaia: Hizkuntza eskubideak.
Non: Iruñean.
Noiz: 2019ko urtarrilean.

4. gaia: Ahoskera.
Non: Gasteizen.
Noiz: 2019ko otsailean.

5. gaia: Dialektologia. Jardunaldia eta erakusketa.
Non: Bilbon.
Noiz: 2019ko martxoan.

6. gaia: Literatura.
Non: Bilbon.
Noiz: 2019ko maiatzean.

7. gaia: Onomastika.
Non: Gasteizen.
Noiz: 2019ko ekainean.

8. gaia: Gramatika.
Non: Donostian.
Noiz: 2019ko uztailean.

9. gaia: Teknologia berriak eta euskara.
Non: Donostian.
Noiz: 2019ko irailean.
IMG 5713



DEI ZABALA EUSKAL GIZARTEARI
(Andres Urrutia euskaltzainburuaren adierazpena, Mendeurrenaren atarian)


'Ehun urte, mendeurrena, eta 1918-1919 urte bitarte horretan sorturiko akademia euskararentzako erakunde aholku emaile ofiziala dugu, historian zehar zin-zinezko komunitate zientifiko eta akademikoa ondu duena, eta bere egitekoa gizartearen zerbitzuan jarri duena. Bostehun eta zenbait inguru euskaltzainek (88 oso, 102 ohorezko eta 457 urgazle) osatu dute historian zehar, eta osatzen dugu egun ere, erakundearen langileekin eta herriarekin batera, halako errealitate sendo eta esanguratsua, euskara edonon aldezteko eta aldarrikatzeko, euskarari buruzko ikerkuntza eta jagote lana bilduz eta bateratuz, pentsamolde desberdineko kideen bitartez. Hortxe izan ditu betidanik euskararen Akademiak helburu eta xedeak.

Ehun urte geroago, eta aldikadak aldikada, euskaltzainen belaunaldiak joan dira, euskararen lurralde desberdinetatik etorriak eta euskara bera goiburutzat harturik.

Euskara instituzionalizatu dugu, eta gizarteari zerbitzua eman diogu. Ehun urte beteko ditugu jarraitutasunez eta Euskal Herri osoan presente egoten, egunero lanean, itxierarik gabe. Tenore bateko eta besteko gobernuak ezagutu ditugu, euskararen aldekotasunak eta kontrakarreko jarrerak, eta aurrera egin dugu beti.

Ohikoa izaten da halakoetan erakundearen merituak aipatzea:
-Euskararen batasuna lortzeko aitzindaritza hartu zuen eta hainbat euskal eragilerekin batera euskara batuaren gorpuztea bideratu du Euskaltzaindiak.

-Orobat, bestelako errealitateak, garai zail eta ilunetan (Bertsolari Txapelketa, AEK, Euskal Idazleen Elkartea, itzultzaileak, UZEI, ikastolak, euskarazko argitalpenak, literatura eta ikerketa lehiaketak, hiztegiak,…), hasiera emanez gero euskara eta euskal kulturaren garapenerako erabakigarri geratu diren osterantzeko errealitateei.
Horrela sortu da euskalgintza modernoaren azpiegitura eta hortxe egon da beti euskararen Akademia.


2. BAINA GATOZEN gaurkora, guk bete-betean egon eta bizi nahi dugulako XXI. mendea, eta esango nuke azken 10-13 urteetan egin ditugun aldaketa eta ahaleginekin, helburutik gertuago gaudela. Azkenaldian, gainera, areagotu egin dira bide horretatik doazen gure eginbideak. Uste dugu aldaketa horiek nabaritzen ari direla, eta ondorengo bi urteetan are gehiago nabarituko direla. Besteak beste, Mendeurrena hori guztia erakusteko baliatu nahi dugu.

Badakigu zeintzuk diren gure on-gaitzak, badakigu zeintzuk diren gure betekizunak, eta gizarteari begira jarri gara, euskal gizartearen beharrizanei behar bezala erantzuteko. Euskaltzaindiaren zerbitzu-bokazioa aspaldikoa da, baina azkartu eta indartu egin behar dugu.
 
Eta ez dira horiek berba hutsalak: sare sozialetan gaude -Youtube, Instagram, Twitter eta Facebook-en-; Hiztegia digitalizatu genuen 2016an, eta aldian aldiko aldaketak sarera igoko ditugu sei hilabetero; azken urtean egin ditugun liburuak euskarri digitalean atera ditugu baita, guztion eskura jarriz; aurten webgunea aldatuko dugu, erabiltzaile arruntaren mesedetan; Euskal Herriko gizarte eragile eta erakunde ofizialekin etenbako harremanak ditugu, beraiekin edozenbat egitasmo antolatu eta partekatu ditugula; gure egoitzen ateak zabaldu ditugu, musika emanaldiak eta bisita gidatuak eskainiz publiko zabalarentzat, euskalgintzako eragile eta elkarteei harrera eginez, horiek ere erabil ditzaten.

Gure oroitidazkiak urtero eskegitzen ditugu webgunean, gizarte osoaren begietara jarriz; inoiz baino gardenagoa nahi dugu Euskaltzaindia, eta esango nuke inoizkorik hurbilena eta dinamikoena ere izaten saiatzen dela Akademia.

Eta bai, jakitun gara aldaketa bide horrek etengabekoa behar duela izan, eta horretarako prestatzen ari gara, etorkizunari so.

Baina batez ere, Euskaltzaindiak Mendeurrena baliatu nahi du euskararekin, euskal kulturarekin eta euskal gizarte osoarekin duen konpromisoa berriztatzeko, eta, bide batez, dei zabal bat egin nahi dio euskal gizarte osoari: hain zuzen, aldi berriari, XXI. mende korapilatsu baina itxaropentsu honi, ilusio berrituarekin ekiteko deia, denok baikara ezinbestekoak euskara biziberrituko badugu.

Euskaltzaindiak nahi du, eta behar du, euskararen alorreko eta, oro har, euskal kulturaren eta bestelako alorreko gizarte-eragileekin batera jardun, ahalik eta modu zabalenean. Horretan jarriko ditu indarrak ondorengo urteetan.

Eta, azkenik, euskara eta euskal kulturaren aldetik, indartsu eta baikor gaudela erakutsi nahi diogu euskal gizarteari, zailtasun guztien gainetik. Gu ez gaude hiltamuzko lantu eta auhenerako. Kezkatzeko eta arduratzeko bai, baina baita baikor eta itxaropentsu jokatzeko ere.

XXI. mendea iritsi da eta euskara bizirik dago. XXII. mendera ere iritsiko gara guztion partaidetzarekin. Euskaltzaindia, duela ehun urte bezalaxe, hor egongo da jardunean, euskara ehuntzen, bilbatzen eta bermatzen, ehun urteko erreskada hau gure erakundearentzat lekukotza ederra baita eginda eta eginkizun dagoenari buruz.

EKIN ETA JARRAI; EUSKARA EHUNTZEN, ETENIK GABE.'


Euskaltzaindia100b 01
EUSKARA EHUNTZEN
(Mendeurreneko logo berriaren esanahiak)

EHUN URTE eta Euskaltzaindiaren eginbeharrak eta helburuak ez dira ia aldatu; egiteko moduak eta harreman-sareak, ordea, bai. Hori bera islatu nahi izan da mendeurrenaren logo berriarekin, gure betiko zuhaitzari beste itxura bat emanez, irekiagoa eta dinamikoagoa.
Etorkizunari begira jarri gara, ezbairik gabe.

EHUN URTE eta gure betiko zuhaitza zuhaitz berri bihurtu da, ordenagailuetako plaka nagusietan hain ohikoa den zirkuitu baten modura bere betiko adorea eta bizitasuna erakusteko. Lau haizeetara zabaldu nahi du Euskaltzaindiaren nahia, euskal gizartearekin batera aurrera egiteko nahi hori, euskarak hauspoa har dezan XXI. mende korapilatsu honetan.

EHUN URTE eta, betiko leloarekin batera, betor mendeurrena ospatzeko lelo berria: euskara ehuntzen.
Ez da hitz joko hutsa. Mendeurrenaren pisua azpimarratzen du lemak, baina, aldi berean, bestelako ideiak ere iradokitzen ditu: hala nola, euskara zaintzen, ikertzen eta lantzen jarraitu behar duela euskararen Akademiak, bai, baina euskalgintzarekin bat eginez, gure betiko zerbitzu bokazioa indartuz, gaur-gaurko premia eta eskabideei erantzuna emanez.

EHUN URTE eta koloreztaturik dator gure zuhaitza. Azken 25 urteotako berdea argitu dugu eta urre kolorez eman dugu lelo berria, mendeurrena ospatzeko.

EHUN URTE eta hemen gaude, bizirik eta bizi-bizi, beti egin duguna egiten, euskara ehuntzen, gure hizkuntza doitzen eta egokitzen, ekin eta jarrai, euskara bera eguneroko mintza-tresna izan dadin.

Bada, ehun(du) dezagun euskara!

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh

Plazaberrin harpidetu:

Sare sozialetan:

Twitter

 

Gure agendan harpidetu:

Azken argitalpenak

  • Cub 17 Jagon 6 PR4
    'Euskal Elkargoaren sortzea eta euskararen geroa'

    Prestatzailea: Jean-Baptiste Coyos

  • 'Esteve Materraren doctrina christiana (1617 & 1623). Edizioa eta azterketa'

    Egileak: Dorota Krajewska, Eneko Zuloaga, Ekaitz Santazilia, Borja Ariztimuño, Oxel Uribe-Etxebarria, Urtzi Reguero

  • 'Toponimia de Vitoria - Gasteizko Toponimia VI. Arratzua II'

    Egilea: Elena Martínez de Madina

  • 'Sierra de Toloño, nexo de la Montaña y la Rioja Alavesa'

    Egilea: José Ángel Chasco Oyón

  • 'Sociedad y Lengua Vasca en los siglos XVII y XVIII'

    Egilea: Juan Madariaga Orbea

  •  

  • Argitalpen guztiak ikusi