• Lesakako ikastolak antolatuko du urriaren 15ean ospatuko den Nafarroa Oinez. Nafarroako ikastolen festan lortutako diruarekin gela gehiago eraiki nahi dituzte, "gaur egungo irakaskuntzak metodo berriak eskatzen dituelako, eta metodo horiek espazio berriak", Aitor Iratzoki Tantirumairuko zuzendariak Plazaberriri adierazi zion legez.
  • Ostiralean, Lesakako Udalak harrera abegikorra egin zien euskaltzain oso eta urgazleei, eta Akademiaren Zuzendaritzak Udaletxean bertan egin zuen hileroko batzarra.
  • Andres Urrutia, euskaltzainburua: "Euskaltzaindiaren ardura euskara bera ailegatzen den lekuraino heltzen da, izan Ipar edo Hego, Ekialde edo Mendebalde. Gure zerbitzu bokazioak eskatzen digu lan egitea herriarekin bat eginda, eta euskararen alde egiten duen orori laguntzea. Horregatik gaude hemen, Lesakan, Tantirumairu ikastolari babesa eskaintzen, hain zuzen, egunero euskararen alde egiten dutenekin, erakutsi nahi dugulako Euskaltzaindia herritik sortutako erakundea dela, bai, baina herriarekin bat dabilena ere bai, beti herriaren zerbitzura, apaltasunez baina arduraz".

    21430101 1152520201549023 2646230752476935527 n
    (Euskaltzaindiko ordezkariak, Tantirumairu ikastolako haur eta irakasleekin)

Aurtengo Nafarroa Oinez Lesakan izanen da, urriaren 15ean, eta ikastolen festa antolatzeko ardura bere gain hartu du ikastola txiki baina ausart batek, hain zuzen, Tantirumairu ikastolak. 1974an sortu zen Tantirumairu, eta orduko zazpi ikasleak 113 dira gaur egun. Antolatzen duten bigarren jaialdia da aurtengoa, eta buru-belarri ari dira lanean, 15eko festa biribila izan dadin. Horretarako, 'Bikin batin' lemapean bildu dira herriko euskaltzaleak, tartean, Amaia Lasheras Tantirumairuko lehendakaria. Lashesarek bihotzez eskertu zion Euskaltzaindiari ikastolara egindako bisita. "Guretzat ohore handia da Euskaltzaindiko ordezkariak gaur gurekin hemen izatea", esan zuen ikastetxeko lehendakariak. "Dakizuenez -azpimarratu zuen Lasherasek-, euskara sustatzea eta hari dagokion lekua eta prestigioa ematea da Nafarroa Oinezen eta gure ikastolen helburuetako bat. Hortaz, guretzat hagitz pozgarria da euskara zaintzeaz arduratzen den erakundeak guri bisita egitea".

Belen Mutuberria Lesakako Euskara eta Kultura teknikariarekin ere egon ziren euskaltzainak, eta ohiko opari-trukaketa egin ondoren, ikastolara joan ziren Euskaltzaindiko kideak. Ondo prestatu zuten ikasgaia Tantirumairuko haurrek, eta galdera ugari egin zituzten, euskaltzainen beraien harridurarako. "Zuen bisita aitzakiatzat hartuta, aste osoan zehar aritu dira lantzen Euskaltzaindia zer den, zer-nolako lana egiten duen...", aurreratu zigun Aitor Irazoki zuzendariak, eta sumatu zen, bai, gaztetxoen ahalegina eta gogoa.

22008184 1152530298214680 7734814185389857531 n
(Lesakako Tantirumairu ikastolako ikasleek euskaltzainekin hitz egiteko aukera izan zuten, ostiralean)

Bisita eguerdiraino luzatu zen, eta, bazkaldu ostean, Lesakako historia ezagutzeko aukera izan zuten herrira hurbildu ziren euskaltzain oso zein urgazleek. Rafael Eneterreagaren eskutik, herriko izenak eta izanak errepasatu zituzten, XI. mendetik hasi eta gaurdainoko bidaia interesgarrian.

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh

Plazaberrin harpidetu:

Sare sozialetan:

Twitter

 

 

Gure agendan harpidetu:

Azken argitalpenak

Argitalpen guztiak ikusi