Aurreko euskaltzaina: Damaso Intzakoa

 

Patxi Zabaleta

Euskaltzain osoa

Leitzan (Nafarroa) jaio zen, 1947ko maiatzaren 20an.

Zuzenbidean eta Filosofia eta Letretan lizentziaduna. Abokatua eta idazlea.

Euskaltzain urgazle izendatua 1975eko ekainaren 27an eta oso 1987ko martxoaren 27an.

“Nafarroako euskararen etorkizunaren baldintzak” izeneko sarrera hitzaldia irakurri zuen Leitzan 1987ko urriaren 25ean.

Ikusi sarrera hitzaldia

Biografia

Oinarrizko ikasketak Leitzan eta Iruñean egin ondoren, Zuzenbidean lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean. Ondoren Filosofia eta Letretan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean, presokratikoen hizkuntza filosofikoaz egindako lizentzia txostenarekin. Gaur egun Iruñean abokatu bulegoa du.

1968-1969 ikasturtetik hasita, gaueskoletan irakasle jardun zuen zortzi urtez, gero AEK eta IKA izango zirenak. 1968-1973 artean Arturo Campion Euskaltegiaren lehendabiziko zuzendari izan zen. Orobat, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialaren (1979) sustatze lanetan aritu zen.

Halaber, 1969-1970ean Nafarroako ikastolen antolatze eta legeztatze lanetan aritu zen lanean. Iruñeko andereñoen euskara mintegia koordinatu zuen, Nafarroako irakasleak alfabetatu eta metodologia eguneratzeko. Iruñeko Udal Ikastolako buru ere izan zen. 1988an Euskal Kulturaren Batzarreak abiatutako Bateginik kanpainaren aholkulari aritu zen.

Euskaltzaindian 1989tik arlo juridiko-ekonomikoan eta Jagon sailean aritu da bereziki.

Idazle gisa ibilibide luzea egin badu ere, politikagintzagatik da batez ere ezaguna. 1975ean sortutako Euskal Herriko Alderdi Sozialistan (EHAS) parte hartu zuen, 1977an Herri Alderdi Sozialista Iraultzailea (HASI) sortu arte. HASIren Nafarroako ordezkari gisa, Herri Batasunaren (1978) sortzaileetarikoa eta koalizioaren zuzendaritzakide izan zen (1978-1982, 1991-1996).

Herri Batasuna nahiz Euskal Herritarrok koalizioen izenean, hainbat kargu bete zituen: Iruñeko Udalaren zinegotzia (1978-1983, 1987-1991, 1999-2001) eta Nafarroako Parlamentuaren kidea IV. eta V. legegintzaldietan (1991-1999). 2001ean Aralarren sortzaileetarikoa izan zen eta urte horretatik 2014ra arte alderdiaren idazkari nagusia izan zen. Aralarren nahiz Nafarroa Bai koalizioaren izenean, VII., VIII. eta IX. legegintzaldietan (2003-2015) Nafarroako Parlamentuko kide izan da. Gaur egun Aralarren ohorezko presidentea da.

Literaturaren arloan, Gorka Trintxerpe izengoitiaz Zorion baten zainak (1972) poema bilduma idatzi zuen, diktadura frankistan Nafarroan argitaratutako lehen euskal liburua. Ondoren askotariko generoak landu ditu: narrazioa, eleberria, poesia, antzertia, biografia eta gogoeta filosofikoa. Arrakasta gehien eleberri historikoekin lortu du, hala nola, 1994-1996 arteko trilogia Nafarroako XX. mendeaz, edo Erdi Aroko hainbat pertsonaia hizpide dituztenak.

Pedro Diez de Ultzurrunek zuzendutako Píncipe de Viana aldizkarian hasi zen euskaraz idazten 1967an, baita aldizkarian lan egiten ere zenbait urtez. Eusko Ikaskuntzaren Eleria aldizkariko batzordekidea da 1996tik. Euskal kulturaz eta politikaz, beste hainbat agerkaritan ere idatzi du: Zeruko Argia, Egan, Anaitasuna, Hegats, Jakin, Argia, Egin, Gara, Deia, Euskaldunon Egunkaria, Egunero, Berria, eta abar.

 

Liburuak

Narrazioa

1977 Euskomunia ala Zoroastroren artalde! / Gorka Trintxerpe (Francisco J. Zabaleta)

1978 El salto del salmón : (doce horas en la vida de un guerrillero) / Gorka Trintxerpe (Euskal Bidea)

2013 Absurdoko kontuak edo zoroen herriko kronikak (Pamiela)

Eleberria

1994 Ukoreka (Txalaparta)

1995 Badena dena da (Txalaparta)

1996 Arian ari (Txalaparta)

1998 Errolanen harria (Txalaparta)

2005 Eneko Aritzaren hilobia (Patxi Zabaleta)

Poesia

1972 Zorion baten zainak / Gorka Trintxerpe (Mensajero)

1975 Gorriak / Gorka Trintxerpe (Francisco J. Zabaleta)

2009 Bizi! (Pamiela)

Antzertia

1991 Nafarroako gudalostearen azken mariskala (Txalaparta)

Biografia

1983 Julian Gaiarre (Gordailu)

Itzulpenak

1981 Amaya : euskaldunak VIII'gn mendean / F. Navarro Villoslada ; gidoia eta marrazkiak, Rafael Ramos (Iruñeko Aurrezki Kutxa Munizipala)

1987 "Gauerdiko Teila" : araudia (Altaffaylla Kultur Taldea)

 

Artikuluak Euskaltzaindiaren argitalpenetan

Euskera agerkarian

1988 Euskaltzaindian sartzea [sarrera hitzaldia] PDF

1990 José Agerreren omenez PDF

1992 Euskara testamendu eta azken-nahietako idatzietan PDF

2001 Euskararen legeztapen demokratikoari dagokionez, Nafarroan galdutako aukera PDF

2004 Lizarran argitaratu zen Eltsoko Santxoren "Dotrina" PDF

2007 Jose Manuel Lasarte (1927-2007) [hilberri txostena] PDF

2010 Jorge Cortés Izal (1930-2010) [hilberri txostena] PDF