Sagrario Aleman

Euskaltzain osoa

Etxalekun (Nafarroa) jaio zen, 1952ko martxoaren 5ean.

Farmazian lizentziaduna. Iruñeko Arturo Campion Euskaltegiko zuzendaria.

Euskaltzain urgazle izendatua 2006ko maiatzaren 26an eta oso 2007ko ekainaren 1ean.

“Berdetik horira” izeneko sarrera hitzaldia irakurri zuen Etxalekun 2008ko maiatzaren 31n.

Euskaltzaindiaren diruzaina da, 2012ko urriaren 18an izendatua.

Ikusi sarrera hitzaldia

Biografia

Oinarrizko ikasketak Etxalekun eta Iruñean egin ondoren, Farmazian lizentziatu zen, Madrilgo Unibertsitate Konplutensean 1979an. Irakaskuntzarako gaitasun agiria Zaragozako Unibertsitatean eskuratu zuen, eta Euskaltzaindiaren D irakasle titulua, aldiz, Donostian 1980an.

Euskara eskolak ematen 1972an hasi zen Iruñean, urte pare batez helduekin Arturo Campion Euskaltegian, eta Iruñeko Apaizgaitegian gaztetxoekin aritu zen. Madrilen jarraitu zuen helduei euskara irakasten 1975-1977 artean.

Euskal Herrira itzuli, eta Arturo Campion-en nahiz Arrotxapeako gau eskolan irakaskuntzan sartu zen buru-belarri. 1978-1979ko ikasturtean Andosillan eta Sartagudan aritu zen, eta 1979-1981 artean Sakanan.

Orduan Arturo Campion Euskaltegian hasi zen berriro eta, 1982tik hasita, Euskaltegiko arduraduna izan da gaur arte.

Ikastaro, mintegi eta jardunaldi ugaritan ibili da irakasle, soziolinguistika, didaktika eta gramatika arloetan. Hainbat erakundek sustatutako egitasmotan parte hartu du: Udako Euskal Unibertsitatea, Euskaltzaindiak Israelera egindako bidaia (1980), Iruñean Sortua taldea (1983), Eibarko Udalaren soziolinguistika jardunaldiak (1984), Adorez eta Atseginez Mintegia, Gizarte Ikasketen Sustapenerako Institutua (IPES), Iruñeko Irakasle Eskola, AEK, IKA eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa, besteak beste.

Euskara taldeetan ibilbide luzea egin du. 1978an sortutako Euskal Herrian Euskaraz taldeko militantea lehen urteetan, Zaldiko Maldiko elkartearen sortzaileetarikoa (1981), Karrikiri Elkartean nahiz Euskalerria Irratian aritua, 1986ko euskarari buruzko foru legearen ondorioz sortutako Euskararen Aldeko Batzarreko partaidea, Euskal Kulturaren Batzarreko nahiz Kontseiluko ordezkari IKAren izenean, Egunkaria Sortzen taldekoa (1990), eta abar.

Euskaltzaindian, 2012tik erakundearen diruzain gisa dituen ardurez gain, bereziki Sustapen batzordean garatu du bere lana 2007tik.

Politikagintzan ere aritu da. Iruñeko zinegotzia izan zen 1982-1987 artean. Ondoren Nafarroako Parlamentuko kidea izan zen, III. legegintzaldian (1987-1991). Herri Batasuna koalizioaren euskara taldeko arduraduna izan zen Nafarroan. 2001ean Aralar alderdiaren sortzaileetarikoa izan zen. 2001-2005 artean, halaber, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordean aritu zen.

Pedro Diez de Ultzurrunek zuzendutako Píncipe de Viana aldizkarian hasi zen euskaraz idazten 1972an, eta geroztik beste agerkari batzuetan ere idatzi du: Jakin, Bat, Argia, Pulunpe, eta abar. Era berean, euskaltegiko Ttanttanka entzungai eta ariketen prestatzean lagundu du eta bi komikiren gidoigilekide izan da: Arturo Campionen Erraondoko azken ttunttuneroa (1993) eta Arturo Campionen Pedro Mari (1995).

Entzunezko kazetaritzari dagokionez, Egin Irratian, Zenbat Gara Elkarteko Bilbo Hiria Irratian, Euskalerria Irratian eta EITBeko Euskadi Irratian saioak egin ditu.

Sariez den bezainbatean, Iruñeko Udalean euskararen alde egindako lanagatik, Zaldiko Maldiko elkarteak Lamien Urrezko Orrazia eman zion 1987an, eta Euskalerria Irratiak, aldiz, Larreko Saria, 1996an.

 

Liburuak

1990 Alfabetatzea Euskal Herrian : (1960-1990) : kronika laburra [elkarlanean] (s.n.)

 

Artikuluak Euskaltzaindiaren argitalpenetan

Euskera agerkarian

2007 EAEko euskararen legearen garapenaz Nafarroaren ikuspegia : nire sentimendua PDF

2008 Berdetik horira : sarrera-hitzaldia PDF

2008 Euskaraz mintzatzen da PDF

2009 Etorkinak eta euskara [Jardunaldiak] PDF

2010 Gazteak, aisialdia eta euskara [Jardunaldiak] PDF

2011 Arabatik Arabara, euskaraz [Jardunaldiak] PDF

2012 Euskararen geroa Ipar Euskal Herrian [Jardunaldiak] PDF

2013 Euskara Nafarroatik [Jardunaldiak] PDF

2014 Euskararen biziberritzea Euskal Herriko hiriburuetan [Jardunaldiak] PDF