• Udaberrian, Nafarroan euskarari buruzko foru lege berri bat egiteko Batzorde Berezia sortu zuen Foru Parlamentuak, eta behin betiko testuaren proposamena prestatu aitzinetik, euskararen munduko erakunde eta adituekin bildu nahi izan du Batzorde Bereziak, lege berriari buruzko ikuspegia eta iritziak ezagutzeko.
  • Euskaltzaindia ere deitua izan da Batzordera, eta Akademiaren izenean bertan izan dira Sagrario Aleman diruzaina eta Andres Iñigo Nafarroako ordezkaria.
  • Euskara Nafarroa osoaren eta nafar guztien eta bakoitzaren hizkuntza denez gero, euskararekiko nafar guztiek duten eskubidea, berdintasuna eta askatasuna bermatzea eskatzen dio lege berriari Euskaltzaindiak.
  • Euskaltzaindiaren agerraldia (dokumentua, osorik).

    P1030926

    (Andres Iñigo eta Sagrario Aleman euskaltzain nafarrak, gaurko agerraldian)

Goiz parteko agerraldian, euskaltzainek azaldu dituzte, besteak beste, Euskaltzaindiaren izaera eta zeregina, Nafarroako Foru Komunitatean urteetan zehar izan duen parte-hartzea eta, beti Akademiaren ikuspuntutik, egin nahi den lege berri horrek bete beharko lituzkeen printzipio edota oinarri nagusiak.

Hona hemen Euskaltzaindiak lege berriari egiten dizkion eskariak:
- Euskara Nafarroa osoaren eta nafar guztien eta bakoitzaren hizkuntza denez gero, euskararekiko nafar guztiek duten eskubidea, berdintasuna eta askatasuna bermatzea.
- Euskara Nafarroa osoaren eta nafar guztien eta bakoitzaren hizkuntza denez gero, euskararekiko nafar guztiek duten eskubidea, berdintasuna eta askatasuna bermatzea.
- Euskara berreskuratzeko eta garatzeko babesa Nafarroa osoan. Horretarako, argi eta garbi ezarri beharko lirateke euskara sustatu eta erabiltzeko baliabideak, euskara jakin eta erabiltzeko neurriak eta, aldi berean, erabat saihestu, hizkuntza dela-eta izan daitezkeen bazterketak.
- Euskararen ikaskuntza eta erabilera bermatu behar dira, herritar bakoitzak hautatzeko duen eskubidea errespetatuz. Beste edozein hizkuntza bizi bezalaxe, euskara ere hizkuntza dinamikoa da eta, beraz, bizitzarako komunikazio tresna behar du izan, hala kultura- nola gizarte-komunikazioan.
- Foru Komunitatean gaur den egunean indarrean dagoen eremukako zatiketa linguistikoa alde batera uztea, horietarako guztietarako oztopo eta eragozpen besterik ez baita.
- Argi uztea euskara, hizkuntza ofiziala izateaz gainera, Nafarroako eta beste lurralde batzuetako hizkuntza berezkoa dela, eta, orobat, beste lurralde horiekin euskararen arloko gai komunetan lankidetza egokia antolatu behar dela.
- Hizkuntzaren etorkizunerako erabakigarriak diren erabilera-esparruak finkatzea, nafarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea bermatzeko. Hartara, esparru horien artean daude administrazio publikoa, justizia administrazioa, dokumentu publikoak, erregistro publikoak, kontsumitzaile eta erabiltzaileei emandako informazioa eta publizitatea eta, orobat, euskararen erabilera esparru sozioekonomikoan ere sustatzea.
- Euskara erabiltzeko printzipioa, kalitatezko euskaran oinarritua eta komunikazio testuinguru bakoitzari egokitua, betiere Euskaltzaindiaren irizpideei jarraikiz, Euskaltzaindia arlo honetan kontsultarako erakunde ofiziala baita eta, aldi berean, berretsiz Akademiak hizkuntza arloan duen aginpidea.

P1030930

Gaurko aurkezpenean, euskaltzainek berretsi dute Batzorde Bereziarekin elkarlanean aritzeko prestasun osoa. Beraz, Euskaltzaindiak argi dauka beharrezkoa dela Nafarroako Euskarari buruzko Foru Legea berritzea; hori bai, Parlamentuak erabaki beharko du zein neurritan, betiere begi bistan izanik Nafarroako Foru Komunitatean euskara bizi harremanetarako eta kultura eta gizarte komunikaziorako tresna izateko eskura jarri behar diren aukerak.

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh