• Hauek dira euskaltzain urgazle berriak: Andres Alberdi Gorostiaga, Irene Arrarats Lizeaga, Xabier Peritz Mendizabal 'Euzkitze', Josu Pikabea Torrano eta Luis Mari Zaldua Etxabe gipuzkoarrak; Jon Aizpurua Espin, Ainhoa Arregi Saratxo, Asier Bidart Meabe, Agurtzane Elordui Urkiza eta Gotzon Lobera Revilla bizkaitarrak; eta Ipar Euskal Herriko Céline Mounole Hiriart eta Allande Socarros Estekondo.

Euskaltzaindiak hamabi euskaltzain urgazle berri izendatu ditu, oraingo honetan, Ipar Euskal Herrikoak, Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak. Arautegiaren 3., 38. eta barne-erregelen 6. artikuluetan jasorikoa kontuan hartuz, Euskaltzaindiko batzorde eta lantaldeetan aspalditik lanean ari diren pertsona hauek izendatu ziren euskaltzain urgazle, uztailaren 20an Bilbon egin zen Osoko bilkuran: Andres Alberdi Gorostiaga, Irene Arrarats Lizeaga, Xabier Peritz Mendizabal 'Euzkitze', Josu Pikabea Torrano eta Luis Mari Zaldua Etxabe gipuzkoarrak; Jon Aizpurua Espin, Ainhoa Arregi Saratxo, Asier Bidart Meabe, Agurtzane Elordui Urkiza eta Gotzon Lobera Revilla bizkaitarrak; eta Ipar Euskal Herriko Céline Mounole Hiriart eta Allande Socarros Estekondo.

Gogoratu behar da 2016an izendatu zirela azken euskaltzain urgazleak, hain zuzen, Araba eta Nafarroari dagozkionak. Orduko hartan, honako hauek izendatu ziren: Nafarroatik, Amaia Apaulaza Ollo; Xabier Erize Etxegarai; Maite Lakar Iraizoz; Patxi Petrirena Altzuguren; Rosa Ramos Alfaro; eta Castillo Suarez Garcia. Arabatik, Iñaki Martinez de Luna, Karmele Jaio, Rikardo Arregi, Patxi Salaberri, Blanca Urgell eta Roberto Gonzalez de Viñaspre. Azken hau euskaltzain oso izendatu zuten otsailean.


Euskaltzain berrien profil laburrak:

Jon Aizpurua Espin (Durango -Bizkaia- 1963). Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kide 2010etik. Euskal Filologian lizentziaduna, Itzulpen masterra eta HIZNET (hizkuntza-plangintza graduondokoa) egin ditu. Eusko Jaurlaritzaren BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren ebaluatzaile. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Plangintza eta Azterlanetako zerbitzuburu. HIZNETeko irakasle.
1 Jon Aizpurua Espin

Andres Alberdi Gorostiaga (Getaria -Gipuzkoa-, 1950). 2007tik Euskaltzaindiko Zientzia eta Teknika Hiztegian, Corpus batzordean eta Euskara Batuaren Eskuliburuan aritu da. Filosofian lizentziaduna eta Elgoibarko Institutuko euskara-katedraduna izan da. Urte luzez, Elgoibarko Euskara Mintegiko koordinatzaile eta, elkarlanean, Bigarren Hezkuntzako euskara eta literaturako dozenatik gora ikaslibururen egilekide. Hezkuntza Saileko EIMAko estilo-liburuaren koordinatzaile eta egilekide ere izana. Gaur egun, Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburua batzordearen koordinatzaile eta erredaktore. Azken idazlanak: 'Oinarrizko gramatika' (2008) eta 'Ahoskera' (2014).
2 Andres Alberdi

Irene Arrarats Lizeaga (Hernani -Gipuzkoa- 1967). 2007tik Euskaltzaindiaren Hiztegia batzordean, Exonomastika batzordean, Euskara Batuaren Eskuliburuan eta Euskaltzaindiaren Hiztegia, Adierak eta adibideak lantaldean aritu da. Geografia eta Historiako lizentziaduna Deustuko Unibertsitatean. 1991z geroztik Euskaldunon Egunkarian aritua, estilo-zuzentzaile eta itzultzaile, eta euskara-arduradun 1999tik itxi zuten arte. 2003az geroztik Berriako euskara-arduradun da, eta estilo-liburuaren zuzendari.
3 Irene Arrarats

Ainhoa Arregi Saratxo (Bilbo -Bizkaia-, 1969). Euskal Filologian lizentziaduna. 1993tik UZEIko lexikografia saileko kidea. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko lantaldeko kide (2010etik); Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak lantaldeko kide (2017tik). Lan-arloak: Lexikografia: Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko prestalanak; Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO); UZEIren Sinonimoen Hiztegia, Maiztasun Hiztegia, Hitz-bukaeren hiztegia, NafarHitz. Corpusgintza: Euskaltzaindiaren XX. mendeko euskararen corpus estatistikoa eta Lexikoaren Behatokia. Hizkuntza-teknologiak: datu-base lexikalak (euLEX), Hobelex zuzentzaile lexikoa, euskararako analizatzaile morfosintaktikoa (euLEMA, erregelak).
4 Ainhoa Arregi

Asier Bidart Meabe (Galdakao -Bizkaia-, 1973). Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kide (2013tik). Euskal Filologian lizentziaduna; HIZNET, hizkuntza plangintza graduondokoa egin du; Itzulpengintza unibertsitate-masterra; Administrazioa eta merkataritza, marketina. Zenbait ikerketa-lan: 'Zamudioko mapa toponimikoa' (Zamudioko Udala. Labayru Ikastegia. 2012); 'Bediako mapa toponimikoa' (Bediako Udala. Labayru Ikastegia. 2011); 'Larrabetzuko herri ondarea: toponimia'. Argitaratu gabe. 2010; 'Larrabetzuko mapa toponimikoa'. Argitaratu gabe. 2010.
5 asier bidart

Agurtzane Elordui Urkiza (Bilbo -Bizkaia-, 1964). Euskaltzaindiaren Ahoskera batzordeko kide (2011tik). Euskal Filologian lizentziatua eta doktorea (UPV/EHU). 1999az geroztik, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean. Etorkizuneko komunikabideetako profesionalak trebatzen ditu medioen hizkerak dituen bereizgarrietan. Soziolinguistika da bere ikerketa eremua, bereziki, Komunikabideen Soziolinguistika. Hizkuntza-aldakortasunaren trataera estilistiko eta ideologikoak ikertzen ditu euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenetan.
6 Agurtzane Elordui

Gotzon Lobera Revilla (Barakaldo -Bizkaia-, 1959). Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeko kide, 1999tik. Zuzenbideko lizentziaduna eta Euskal Kulturaren graduondokoa. Bizkaiko Foru Aldundiko euskara-gaztelaniako itzultzailea. Euskara-gaztelaniako zinpeko itzultzailea. EIZIEko lehendakaria izanikoa. Oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentarioaren koordinatzailea, Euskaltzaindiaren izenean. Euskararen Aholku Batzordeko Terminologiako batzorde-ataleko kidea, Euskaltzaindiaren izenean. Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko irakaslea eszedentzian. Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusia izanikoa. Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria izanikoa.
Gotzon Lobera

Céline Mounole Hiriart-Urruti (Baiona -Lapurdi-, 1981). Euskaltzaindiaren Gramatika eta Onomastika batzordeetako kidea. Euskal Ikasketetan doktore. Pau eta Aturrialdeko Herrietako unibertsitateko irakasle-ikertzailea Euskal
Ikasketen Sailean. Euskararen historia du ikergai nagusia, zehatzago, euskal testu zaharren azterketa eta euskararen garapen diakronikoa. Monumenta Linguae Vasconum ikerketa-taldeko kidea.


Xabier Peritz Mendizabal 'Euzkitze' (Azpeitia -Gipuzkoa-, 1966). 2007tik Euskaltzaindiko Herri Literatura batzordeko kidea. 30 urte daramatza Euskal Telebistako pilota-emankizunen arduradun. Bertsolaria eta irrati-esataria. 1982an izan zen lehen aldiz Euskal Herriko Bertsolari Gazteen txapeldun. Ondoren, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian 3. gelditu zen 1989an, eta txapeldunorde 1993an. Gazterik erretiratu zen plazetatik, 32 urte besterik ez zuela. Hedabideetan ere goiz hasi zen. Euskadi Irratian lehenik, Euskal Telebistan aspaldian. Askotariko saioak zuzendu edota aurkeztu izan ditu: albistegiak, magazinak eta eztabaida zein elkarrizketa-saioak.
9 Euzkitze

Josu Pikabea Torrano (Donostia -Gipuzkoa-, 1958). 2011tik Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua lantaldean aritu da eta Euskaltzaindiko Zientzia eta Teknika Hiztegia egitasmoko kidea da. Euskal Filologian doktorea. Bigarren Hezkuntzako institutuko katedraduna, Euskara eta Literatura arloan. Lexikogintzan (Euskalterm) eta teleprestakuntzan (e-ikasi) aritua, besteak beste. Hezkuntza Saileko EIMAnet-en sustatzailea. Hainbat artikulu idatzi ditu, hala nola, 'Goyhetche, XIX. mendeko lapurtar atipiko batez' (1991). Eta honako liburu hauek argitaratu: 'Frantzizko Laphitz: Bi saindu heskualdunen bizia' (1986) [ed. krit.]; 'Literatur lapurteraren bilakaera: XVII., XVIII. eta XIX. mendeetako lapurterazko testuen bilakabide historikorako lehen urratsak' (1991); eta 'Euskara guztiok' (1994).
10 Josu Pikabea

Allande Socarros Estekondo (Etxebarre -Zuberoa-, 1957). 2013tik Euskaltzaindiko Euskalkien lantaldeko kidea eta Euskara Batuaren Eskuliburua batzordeko kidea. Zubereraren sustapenerako SÜ AZIA elkarteko kide; Herria astekariaren Zuberoako berriemaile; Xiberoko Botza euskal irratian kolaboratzaile. Xiberoa-Herri Elkargoko presidenteorde eta 'Euskara' batzordeko buru, 2008tik 2016ra. Zenbait idazlan: 'Ziberoko Egünaria / Euskara lehen eta orai' (SÜ AZIA – 2017); Züberoa Herria (Jean-Louis DAVANTekin elkarlanean) (ELKAR – 2013); 'Euskara Batua-Züberera hiztegi ttipia' (SÜ AZIA - 1992 / 2017).
11 Allande Socarros

Luis Mari Zaldua Etxabe (Urnieta -Gipuzkoa-, 1965). 2007tik Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kide. Euskal Filologian doktorea eta Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioko zuzendaria. Zenbait argitalpen: 'Urumeako zilegimendietako toponimia' (2011); 'Saroi entitate geografikoaren banaketa, esanahia eta etorkia toponimiaren argitan' (2015); 'Ol(h)a entitate geografikoaz zenbait ohar' (2015); 'Sobre el elemento indoeuropeo pre-latino en la toponimia de Vasconia: los nombres de lugar terminados en -*ama*' (2016).
12 LMZaldua

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh