• Besteak beste, akordio honen bitartez Euskaltzaindiak euskararen batasunerako bidean eman dituen arauen, gomendioen eta irizpenen zabalkundean lagunduko du Hezkuntza Sailak, eta EIMAk Euskara Batuaren Eskuliburua (EBE) egitasmorako baliagarriak izan daitezkeen materialak Euskaltzaindiaren esku jarriko ditu.
  • EIMAren eskutik bideratuko da elkarlana. EIMA Unibertsitate aurreko mailetarako euskarazko ikasmaterialak sortzeko eta kalitatea zaintzeko programa da.
  • Cristina Uriarte (Hezkuntza sailburua): “Gaur adostutako akordioaren helburuetako bat da euskarazko ikasmaterialak lantzen jarraitzea, Euskaltzaindiak ematen digun bermearekin”.
  • Andres Urrutia (euskaltzainburua): "Mendeurrenaren karira, Euskaltzaindiak argi ikusten du euskararen batasunerako bidean eman dituen eta ematen dituen arauen, gomendioen eta irizpenen zabalkunderako Hezkuntza prozesuek duten irismena eta pisua. Gainera, Hezkuntza eragileekin batera jokatu nahi du Euskaltzaindiak, horien guztien ekarpenak jasotzea oinarrizkoa baita, gerora euskararen aurrerabidean zeresana izango dutelako".

    Andres Urrutia Cristina Uriarte
    (Andres Urrutia euskaltzainburua eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, gaurko agerraldian)

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak erakunde bien arteko akordioa sinatu dute gaur goizean, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitza nagusian. Maiatzak 29an, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluan aurkeztu eta onartu zen hitzarmen proposamena. Gaurko sinadurak akordioa berretsi egiten du, eta bertan jasotakoa indarrean jarri.

Akordioak Euskaltzaindiaren eta Hezkuntza Sailaren koordinazioa eta lankidetza indartzea bilatzen du, Hezkuntza Sailak azken hamarkadetan martxan duen EIMA programaren bitartez. Eusko Jaurlaritzak, Unibertsitate aurreko euskarazko ikasmaterialgintza babesteko, indartzeko, garatzeko eta diruz laguntzeko eratu zuen EIMA programa, Euskararen Normalizaziorako Legean oinarrituz.

Martxan jarri zenetik gaur arte, Euskaltzaindiak eta EIMA bultzatzen duten Hezkuntza Saileko Euskara zerbitzuko arduradunek bultzatu izan dute elkarlana; argitaratzen joan izan diren ikasmaterialak egokiak eta kalitatezkoak ziren ziurtatzeko batez ere.

Orain sinatutako hitzarmenak, bien arteko elkarlana sakontzeko aukera eskainiko du.  Bi erakundeon arteko elkarlana euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzarako, sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da. Besteak beste:

- Euskaltzaindiak euskararen batasunerako bidean eman dituen eta ematen dituen arauen, gomendioen eta irizpenen zabalkunderako. Euskaltzaindiak abian duen Euskara Batuaren Eskuliburua egitasmoan lankidetzan arituko dira bi erakundeok. EIMAk Euskara Batuaren Eskuliburua egitasmorako baliagarria izan daitezkeen materialak Euskaltzaindiaren esku jarriko ditu, Euskaltzaindiak, beharrezko irudituz gero, balia ditzan.
- EIMAk egiten duen ikasmaterialen hizkuntza-kalitatearen gaineko lanean Euskaltzaindiarekiko koordinazioa ahalbidetzeko.
- Hezkuntza Sailaren Euskara zerbitzuak dituen eta jasotzen dituen zalantzak partekatzeko eta bideratzeko.
- Bi aldeek Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia elikatzeko asmoz, EIMAk argitaraturiko euskarazko testu-multzoaz baliatzeko adostasuna erakusten dute.

HEZKUNTZA ERAGILEEKIN BATERA
Gaurko prentsaurrekoan, Andres Urrutia euskaltzainburuak esan du Hezkuntza klabea dela “hizkuntza baten hedapen eta indartze prozesuan”. Horregatik, azpimarratu du akordio honek berebiziko garrantzia duela Akademiarentzat: “Mendeurrenaren karira, Euskaltzaindiak argi ikusten du euskararen batasunerako bidean eman dituen eta ematen dituen arauen, gomendioen eta irizpenen zabalkunderako Hezkuntza prozesuek duten irismena eta pisua. Gainera, Hezkuntza eragileekin batera jokatu nahi du Euskaltzaindiak, horien guztien ekarpenak jasotzea oinarrizkoa baita, gerora euskararen aurrerabidean zeresana izango dutelako".

Uriarte sailburuak ere akordioaren garrantzia nabarmendu nahi izan du: “Imajinatuko duzue zein garrantzitsua den gure gazteek, gure ikasleek, behar bezalako materialak izatea; euskaraz ondo landutakoak, araudia betez; eta ahalik eta gai eta eduki gehienetara iritsiko direnak. Hizkuntza baten normalizazio prozesuan gauza gutxi izango dira hau baino garrantzitsuagoak. Hori da, hain zuzen ere, gaur adostutakoaren helburua: euskarazko ikasmaterialak lantzen jarraitzea, Euskaltzaindiak ematen digun bermearekin” .

Akordio honek beste eduki batzuk ere jasotzen ditu: EIMAk bere eguneroko jardunean sortzen dituen materialetan, bai eta antolatzen dituen ekintzetan, Euskaltzaindiaren irizpideak aintzat hartzeko konpromisoa; EIMAk dituen kontsultak eta iradokizunak Euskaltzaindiari bideratzea; sinatzaileek publikatzen dituzten argitalpenak elkarren artean trukatzea; edota euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean egitasmoak partekatzeko konpromisoa.

Cristina Uriarte sailburuak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatutako hitzarmenak hiru urteko iraupena izango du, eta iraupen bereko ondoko epealdietan luzatu ahal izango da.

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh