• Gaur izenpetutako lankidetza hitzarmenaren bidez, 2018an eta 2019an egingo diren ekintza eta egitasmo hauek babestuko ditu Laboral Kutxak: Euskaltzaindiak urrian egingo duen 'Arantzazutik mundu zabalera (1968-2018)' biltzarra; Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren ondarea gizarteratzeko eratutako 'Euskara ibiltaria' erakusketa berria; dialektologiari buruzko Nazioarteko Biltzarra, eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren 10. liburukia.
  • Andres Urrutia (euskaltzainburua): "Mendeurrenean erakutsi nahi dugu euskal gizarte eragileekin batera egiten dugula lan, gure helburuak partekatzen dituzten erakunde zein elkarte desberdinekin. Horietako bat da Laboral Kutxa, betidanik egon dena gure proiektuak babesten eta laguntzen”.
  • Julio Gallastegi (Laboral Kutxako zuzendari nagusia): "Laboral Kutxa euskal gizartearen garapen osoarekin konprometituriko entitatea dugu eta gure helburuen artean daude euskal kultura sustatzea eta euskara biziberritzea".

    DSC01410
    (Andres Urrutia euskaltzainburua eta Julio Gallastegi Laboral Kutxako zuzendari nagusia)

Laboral Kutxak eta Euskaltzaindiak garrantzizko lankidetza hitzarmena izenpetu dute gaur. Akordioaren eskutik, Laboral Kutxak Euskaltzaindiaren Mendeurreneko lau egitasmo esanguratsu babestuko ditu:
- 'Arantzazutik mundu zabalera (1968-2018). Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarra' jardunaldia, 2018ko urriaren 4an, 5ean eta 6an Arantzazun egingo dena
- Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren ondarea gizarteratzeko asmoz eraturiko 'Euskara ibiltaria' erakusketa eraberritua (erakusketa hau 2019ko martxoan inauguratuko da).
- Dialektologiari buruzko Nazioarteko Biltzarra, Bilboko Euskal Museoan 2019ko martxoaren 14an eta 15ean egingo dena.
- Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren 10. liburukia, 2019ko martxoan plazaratuko dena.

Andres Urrutia euskaltzainburuak akordio berriaren “pisua eta esanahia” azpimarratu nahi izan ditu, orobat gogoratuz Laboral Kutxa Euskaltzaindiaren aspaldiko bidelaguna dela: "Mendeurrenean erakutsi nahi dugu euskal gizarte eragileekin batera egiten dugula lan, gure helburuak partekatzen dituzten erakunde zein elkarte desberdinekin. Horietako bat da Laboral Kutxa, betidanik egon dena gure proiektuak babesten eta laguntzen. Tartean, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa diruz lagundu du, gure proiekturik esanguratsuenetakoa dena. Oraingo honetan, Laboral Kutxak bat egiten du gure Mendeurrenarekin, bere asmo eta helburuekin, eta erakusten digu, beste behin, euskara eta euskal kultura aitzinatu nahi dituela".

Bere aldetik, Julio Gallastegi Laboral Kutxako zuzendari nagusiak “euskal gizartearen garapen osoarekin konprometituriko erakundea” ordezkatzen duela gogoratu du: “Gure helburuen artean daude euskal kultura sustatzea eta euskara biziberritzea. Hori dela eta, Euskaltzaindiarekin izan ditugun harreman historikoetan sakondu nahi dugu, mendeurrena bultzatuz eta, horren barruan, zenbait egitasmo beren-beregi babestuz".

Mendeurrena
Euskaltzaindiak Mendeurrena ospatuko du 2018ko irailetik 2019ko urria bitartean. Baionako jardunaldiarekin abiatuko da egitaraua, eta honako helburu hauek ezarri dira Mendeurrenerako:

- Euskaltzaindiak azken ehun urtean egin duen lana gizarteratzea eta eginiko bidea balioestea.
- Euskaltzaindiak, Iker eta Jagon sailetan, etorkizunerako dituen asmoak –hiztun eta erabiltzaileek dituzten beharrak– eta ildo estrategikoak gizarteratzea.
- Euskaltzaindiaren aitzindaritza tarteko dela, euskararen eta euskal kulturaren inguruan gizarte zibila egituratzea, eta askotariko eragile publiko eta pribatuen artean lankidetzarako oinarriak proposatzea. Helburu nagusia da gizarte zibiletik euskararen biziberritzeari bultzada berri bat ematea datozen bi hamarkadetan.

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh