• Hiru urterako egin den lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Ortzadar LGBT elkarteak eta Euskaltzaindiak, gaur.
  • Aurrerantzean, Ortzadar LGBT elkarteak Euskaltzaindiari aholkularitza eskainiko dio herritarren berdintasuna, bizikidetza, sexu-askatasuna eta giza eskubideak Euskaltzaindiaren Hiztegian zein bestelako hizkuntza baliabideetan are hobeto islatuta ager daitezen.
  • Errealitate hauek guztiak ondo gogoan ditu Akademiak, eta horiek kontuan hartuz, erabaki garrantzitsuak hartu ditu azkenaldian. Besteak beste, familia-harremanetako gaurko errealitatera moldatu ditu Hiztegiko hainbat definizio; dinastia-kontuetan ere egin dira aldaketak; Espainiako Justizia Ministerioari euskal izendegiarekin malguago jokatzeko eskatu zitzaion eta abar.
  • Javier García, Ortzadar LGBT elkarteko presidentea: “Gure elkarteak garrantzia eman nahi die euskaraz egindako ikerketei, eta horretarako Euskaltzaindiarekin bat egitea ezinbestekoa zen guretzat”.
  • Axier Garate, Ortzadar LGBT elkarteko bozeramailea: “Ostegun honetan homofobiaren aurkako eguna ospatzen dugu, eta hitzarmen hau baliatu nahiko genuke gure gizarteak aniztasun afektiboaren aldeko apustu garbia egin duela erakusteko”.
  • Andres Urrutia: “Euskara gaitu eta erabilera berrietara moldatu eta egokitzeko agindua dauka Akademiak, eta horretara dator, neurri batean, hitzarmen garrantzitsu hau. Euskaltzaindiak ezin dio muzin egin bere erantzukizun sozialari, eta LGBT kolektiboa (Lesbiana, gay,  bisexual eta transexualen kolektiboa) are ikusgarriago egiteko ekarpena egin nahi du”.

    Andres Urrutia eta Xarles Videgain Ortzadar LGBT elkarteko kideekin
    (Roberto Palacios, Aratz Castro, Andres Urrutia, Javier García, Xarles Videgain eta Axier Garate)

Gaur, lehenengoz, lankidetza hitzarmena sinatu dute Ortzadar LGBT elkartean eta Euskaltzaindiak. Hitzarmena hiru urterako egin da. Euskarari dagozkionetan, eta Euskaltzaindia erakunde aholku-emaile ofiziala den aldetik, Ortzadar LGBT elkarteari aholkularitza eskainiko dio, bereziki:

- Gradu bukaeran eta Master ikasketetan elkarteak sustatzen dituen deialdietan euskararen erabilera normalizatua eta jasoa ziurtatzeko.
- Elkarteak bideratzen duen aldizkari zientifikoan euskarari toki egokia eta duina emateko.
- Aurreko bi xedapenen ondorioz sortzen den euskararen testu-masa eskuratuko dio Ortzadar LGBT elkarteak Euskaltzaindiari. Euskaltzaindiak, besteak beste, Euskaltzaindiaren Hiztegia elikatzen duen Lexikoaren Behatokia elikatzeko baliatuko du euskarazko testu-masa hori.

Era berean, Ortzadar LGBT elkarteak Euskaltzaindiari aholkularitza eskainiko dio herritarren berdintasuna, bizikidetza, sexu- askatasuna eta giza eskubideak Euskaltzaindiaren Hiztegian zein bestelako hizkuntza baliabideetan are hobeto islatuta ager daitezen.

Errealitate hauek guztiak ondo gogoan ditu Akademiak, eta horiek kontuan hartuz, erabaki garrantzitsuak hartu ditu azkenaldian. Besteak beste, familia-harremanetako gaurko errealitatera moldatu ditu Hiztegiko hainbat definizio; dinastia-kontuetan ere egin dira aldaketak; Espainiako Justizia Ministerioari euskal izendegiarekin malguago jokatzeko eskatu zitzaion eta abar. Andres Urrutia pozik agertu da sinatutako hitzarmen berriarekin: “Hitzarmen hau euskal gizartearekin eta beren-beregi kolektibo honekin geneukan zor bat kitatzera dator. Euskara gaitu eta erabilera berrietara moldatu eta egokitzeko agindua dauka Akademiak, eta horretara dator, neurri batean, hitzarmen garrantzitsu hau”, aitortu du euskaltzainburuak. “Euskaltzaindiak ezin dio muzin egin bere erantzukizun sozialari -onartu du Urrutiak-, eta LGBT kolektiboa (Lesbiana, gay, bisexual eta transexualen kolektiboa) are ikusgarriago egiteko ekarpena egin nahi du”.

Javier García eta Andres Urrutia
(Javier García eta Andres Urrutia, gaurko izenpetze ekitaldian)

EUSKARAZ EGINDAKO IKERKETAK BULTZATU
Javier García Ortzadar LGBT elkarteko presidentea ere pozarren zegoen gaurko agerraldian: “Gure elkarteak garrantzia eman nahi die euskaraz egindako ikerketei, eta horretarako Euskaltzaindiarekin bat egitea ezinbestekoa zen guretzat”. Axier Garate Ortzadar LGBT elkarteko bozeramaileak euskal gizarteak LGBT kolektiboarekin duen konpromiso irmoa gogoratu nahi izan du: “Ostegun honetan homofobiaren aurkako eguna ospatzen dugu, eta hitzarmen hau baliatu nahiko genuke gure gizarteak aniztasun afektiboaren aldeko apustu garbia egin duela erakusteko”.

Besteak beste, Ortzadar LGBT elkarteak familia aniztasunaren eta genero-berdintasunaren inguruko formakuntza eta ikerkuntza sustatzen ditu, eta gai horien inguruan egiten diren master, doktore tesi eta graduondokoak zabaltzen ahalegintzen dira.

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh