• Ekainaren 1ean izango da, Euskaltzaindiaren Luis Villasante Euskararen Ikergunean (Tolare baserria), goiz osoz (09:15 – 14:30).
  • Parte-hartzaileak: Mikel Zalbide, Inma Muñoa, Orreaga Ibarra, Asisko Urmeneta, Adolfo Arejita, Joxerra Gartzia eta Xabier Euzkitze.
  • Iñaki Irazabalbeitia (Ezkerraberri Fundazioko zuzendaria eta euskaltzain urgazlea): “Gizartean pil-pilean dagoen gaia da euskararen erabilerarena, eta sarri sortzen dira kalapita eta nahasteak. Jardunaldi honen helburua da horretaz mintzatzea. Euskara informalaren inguruan gogoeta egitea –euskalkiaren papera zein den, ahozko euskarak eta argotak nolakoa behar duen izan, gazte hizkerak…-“.
  • Miriam Urkia (euskaltzain osoa eta Akademiaren Gipuzkoako ordezkaria): “Euskaltzaindiak gizarte eragileekin harreman estua dauka eta horren erakusgarri da jardunaldi berri hau”.
  • Ekainaren 1eko jardunaldia (izen-ematea): 943 428050/ 94 4158155 (Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.). 

    Ezkerraberri Fundazioa: 948 20 63 62 / 948 20 60 03

     

     

    DSC00890

    (Sagrario Aleman eta Miriam Urkia euskaltzain osoak, Iñaki Irazabalbeitia Ezkerraberri Fundazioko zuzendariarekin, gaur, Donostiako Luis Villasante Ikergunean)

Ezkerraberri Fundazioak eta Euskaltzaindiak euskararen erabilera informala aztertzeko jardunaldi bat antolatu dute ekainaren 1erako: ‘Euskara batua eta tokian tokiko erabilera: korapiloak eta erronkak’.

Donostian Euskaltzaindiak duen ordezkaritzan (Luis Villasante Euskararen Ikergunea – Tolare baserria) egingo da jardunaldia, goiz osoz, eta hizlari hauek parte-hartuko dute: Mikel Zalbide, Inma Muñoa, Orreaga Ibarra, Asisko Urmeneta, Adolfo Arejita, Joxerra Gartzia eta Xabier Euzkitze.

Ekintza berri honen helburua ondo azaldu du Iñaki Irazabalbeitia Ezkerraberri Fundazioko zuzendari eta euskaltzain urgazleak, gaur: “Gizartean pil-pilean dagoen gaia da euskararen erabilerarena, eta sarri sortzen dira kalapita eta nahasteak. Jardunaldi honen helburua da horretaz mintzatzea, hots, euskara informalaren inguruan gogoeta egitea –euskalkiaren papera zein den, ahozko euskarak eta argotak nolakoa behar duen izan, gazte hizkerak…-“. Eta galdera bat utzi du airean: “Euskara batuak garapen izugarria izan du azken 50 urteotan, baina esparru formaletatik at, arautu gabeko esparruetan, nola jokatu behar dugu? Horretaz jardungo dugu ekainaren 1ean”.


IMG 5896

Miriam Urkia euskaltzain oso eta Akademiaren Gipuzkoako ordezkariak elkarlanaren garrantzia azpimarratu nahi izan du gaurko agerpenean: “Euskaltzaindiak gizarte eragileekin harreman estua dauka eta horren erakusgarri da ekintza berri hau”. Bide batez, Luis Villasante Ikerguneak biltzen dituen proiektu eta taldeak aletu ditu Urkiak: “Luis Villasante Ikergune hau, Gipuzkoako ordezkaritza izateaz gain, Euskaltzaindiaren hainbat egitasmoren gune ere bada: Euskaltzaindiaren Hiztegia, Historia Soziala, Lexikoaren Behatokia, Hiztegi Etimologikoa eta Hizkuntza Kalitatearen Behatokia. Hainbat batzorde eta lantalde ere hemen biltzen dira eta bestelako jardunaldi eta ekintzak antolatzen dira, espazioa baliatuta batzuk, Euskaltzaindiarekin elkarlanean bestetzuk. Beraz, ateak zabalik ditugu euskal gizartearentzat”. Antzerako hitzak esan ditu Sagrario Aleman euskaltzainak ere. Sustapen batzordeko arduraduna da Aleman, eta azpimarratu nahi izan du Sustapen batzordeak badituela bere eginkizun propioak, baina, horietaz gain, “kanpotik jasotako proposamenak aztertzen eta bultzatzen ditu sarritan”. “Azken hau, gainera, -gehitu du euskaltzain nafarrak- oso une egokian suertatzen da, euskara batuak mende erdia betetzen duelako aurten, eta euskalkien eta euskara batuaren arteko eztabaida oraindik mahai gainean dagoelako”.

 

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh