• Foru erakundeak ezagutza agertu nahi die "mende oso batean zehar Arabaren eta Euskal Herriaren hizkuntza, gizarte eta kultur ondarea sustatzen egindako ibilbidearengatik".
  • Apirilaren 28an emango dira dominak, San Prudentzio egunean.

    IMG 20180213 114836 895
    (Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza, gaur)

Arabako Foru Aldundiak, 2018ko Arabako Domina emango die Euskaltzaindiari eta Eusko Ikaskuntzari, bi erakunde horiek sortu zireneko 100. urteurrenean. Halaxe onetsi du gaur Gobernu Kontseiluak, aitortzearren Foru Aldundiak ematen duen saririk handienarekin bi erakunde horiek Arabaren eta Euskal Herriaren hizkuntza, gizarte eta kultur ondarearen sustatzaile eta eragile moduan egindako "lan itzel eta goresgarria".

Diputatu nagusiak gogorarazi du gaur betetzen direla ehun urte Eusko Ikaskuntzaren lehen Biltzarra egin zela Oñatin, hura izan zela bi erakundeen abiapuntua, eta Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako aldundiek lagundu eta babestu zutela. Hain zuzen ere, Dionisio Aldama, orduan Arabako Foru Aldundiko presidente zena, han izan zen aita Raimundo Olabide Euskaltzaindiko kide oso izendatu zutenean eta Ángel Apraiz, Salamancako Unibertsitateko katedratikoa, Eusko Ikaskuntzako idazkari nagusi.

"Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia Euskal Herri osoan sortu, ezarri eta finkatu izanari esker, hainbat eta hainbat proiektu sustatu ahal izan dira 1918az geroztik, lurraldean bertan nahiz lurraldetik kanpora irismen eta garrantzi handia izan dutenak", azpimarratu du Aldundiak prentsa-ohar baten bidez. Eta adibide gisa jarri ditu "euskara batzeko prozesua -Euskaltzaindiak hasi eta burutua-, edo Eusko Ikaskuntzak 1931n Pirinioen hegoaldeko bizitza politikorako egindako ekarpena, autonomia estatutu bat proposatu zuelarik, zeinari, aldaketa batzuen ostean, Lizarrako Estatutua deitu baitzitzaion".

“Nahiz eta ez duten ibilbide erraza izan, Eusko Ikaskuntzak eta Euskaltzaindiak jakin dute bizirik irauten. Are eta gehiago, jakin dute beren inguruan jatorri geografiko, akademiko eta ideologiko ezberdinetako emakume eta gizonak biltzen, egiteko zehatz baten inguruan: Euskal Herriaren oraina, iragana eta etorkizuna, haren hizkuntza eta kultura ikertzea. Erakunde biak izan dira funtsezkoak Euskal Herriarentzat, oro har, bai eta Arabako Lurralde Historikoarentzat ere, bereziki”, adierazi du Gonzálezek, “eta, hori dela eta, Arabako Foru Aldundiak ezagutza eta esker ona agertu nahi dizkie Eusko Ikaskuntzari eta Euskaltzaindiari, aintzat harturik zer bide eta lan berebizikoa egin duten lurralde historiko honetan bizi izan diren eta bizi diren pertsonek arabar eta euskal herritar diren aldetik dauzkaten alderdi, berezitasun eta ezaugarri berezko, nabarmen eta bereizgarriak defendatzen, sustatzen eta eguneratzen.”

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh