• Euskaltzaindiak 'Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA)' egitasmoa oinarritzat duen erakusketa inauguratu du, gaur, Nafarroako Parlamentuaren egoitzan, Iruñean.
  • Urriaren 31 bitartean egonen da irekita, astean sei egunez. Sarrera, doan.
  • Euskara Ibiltaria erakusketak Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoa du oinarri.
  • Adolfo Arejita (EHHA proiektuaren zuzendari nagusia): “Hizkuntza-atlasean oinarrituta dagoen Euskara Ibiltaria erakusketak euskararen batasun eta aniztasunaren erakusgarri izan nahi du”.
  • Ainhoa Aznarez (Nafarroako Parlamentuko lehendakaria): “Erakusketa honek gure historiaren zati bat eskaintzen die gure hiritarrei, altxor izugarria, estreinakoz aurkezten dena Foru Erkidegoan, eta ohore bat da nafar guztien etxea den leku honetan egitasmo hau hartzea”.
  • Julio Gallastegi (Laboral Kutxako zuzendari nagusia): "Nabaria da 'Euskara Ibiltaria' bezalako proiektu handiak hamaika borondate desberdinen inplikazioa elkartuz soilik aurrera atera daitezkeela. Beraz, proiektu honetan lagundu eta parte hartzen duten guztiei beraien lana eskertu nahi nieke".

    22222049 1156477324486644 1748238903761487028 n
    (Erakunde pribatu eta publikoetako arduradunak, komunikabideetako ordezkariak eta euskaltzainak, gaur, Iruñean)

Gaurtik hasi eta urriaren 31 bitarte, Nafarroako Parlamentuaren egoitzak hartuko du Euskara ibiltaria erakusketa. Gaurko aurkezpen ekitaldian, Adolfo Arejita euskaltzain eta EHHAaren zuzendari nagusiak adierazi du erakusketa hau “gogoz baina zorroztasunez eginiko hautaketa bat” dela. Hain zuzen, “mapa bakoitzak fenomeno linguistiko bereziren bat” erakusten duelako: sinonimoen eta aldaera nagusien banaketan kontzeptu batetik bestera diren berezitasunak ageri dituzte. “Mapa kopuru mugatu honen bidez –azpimarratu du Arejitak-, animalia, landare, denbora eta ohiko kontzeptu orokorrak euskal hizkeretan barrena nola adierazten diren erakutsi nahi izan da”. Honela, “hizkuntza-atlasean oinarrituta dagoen Euskara Ibiltaria erakusketak euskararen batasun eta aniztasunaren erakusgarri izan nahi du. Euskal hitzen ezaugarriak, hiztunen arteko harremanaren eta kasu batzuetan isolamenduaren bidez gauzatu dira belaunez belaun. Hain zuzen, horrek erakusten du izenen arteko batasuna edo aniztasuna”, gaineratu du EHHA egitasmoaren arduradunak.

Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko lehendakariak ere hitz gozoak erabili ditu bere sarrera-hitzaldian: “Erakusketa interesgarri honek gure historiaren zati bat eskaintzen die gure hiritarrei, altxor izugarria, estreinakoz aurkezten dena gure Foru Erkidegoan, eta ohore bat da nafar guztien etxea den leku honetan egitasmo hau  hartzea”.

Datak eta orduak
Hauek dira erakusketa bisitatzeko ahalbidetu diren egun eta ordutegiak: astelehenetik ostiralera (10-00-20:00); larunbata (11:30-14:00). Gainera, Euskaltzaindiak hiriko ikastetxeekin ere lotu ditu bisitak, eta ondorengo asteetan 500 haur eta gaztek ezagutuko dituzte, zuzenean, Euskara ibiltariaren ezaugarriak.

image11

Zer da ‘Euskara Ibiltaria’?
Euskara Ibiltaria Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoa oinarritzat duen erakusketa ibiltaria da. Erakusketa honen helburu nagusia erakustea da, gure hizkuntzak tradizioz bizi izan den lurralde osoan nolako formak hartzen dituen (mapen eta irudien bidez). Orain arte, Euskara Ibiltariaren lau edizio egin ditu Euskaltzaindiak, Beasainen, Portugaleten, Bilbon eta Baionan.

Zein dira erakusketaren helburuak?
Aipatu dugun bezala, helburu nagusia euskarak zenbait alorretan (lexikoan, izen-morfologian, aditz-morfologian, sintaxian...) bere lurralde osoan hartzen dituen formak eta aldaketak erakustea da. Hala ere, badira beste helburu batzuk:
•    Atlas linguistiko bat zer den azaltzea eta erakustea.
•    80ko hamarkadan abian jarri zen Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoaren historia gizarteratzea.
•    Euskararen hizkuntza atlasa lantzeko erabilitako metodologia, materialak eta bestelakoak ezagutzera ematea.
•    Bizimodua, gizartea eta ohiturak ezagutzera ematea etnolinguistikaren arabera.
•    Euskalki eta hizkeren alorrean euskarak duen aberastasuna ikastetxe, euskaltegi eta bestelako ikasle eta irakasleei ezagutzera ematea.
•    Euskaltzaindiak gaur egun eskaintzen dituen baliabideak eta materialak ezagutzera ematea, EHHA oinarritzat hartuta.

Zer ikus daiteke ‘Euskara Ibiltaria’ erakusketan?
Iruñean honako material hauek aurkituko ditu bisitariak:
-EHHA egitasmoaren historia laburra (90zm x 130zm-ko zazpi paneletan banaturiko testuak eta irudiak).
-Bariazioak erakusten dituzten mapak eta hauen interpretazioak (70x95 zm-ko 27 paneletan banatuta).
-Euskararen hizkuntza atlasa lantzeko erabilitako material: erantzun koadernoak, argazkiak, CDak...
-EHHAk argitaraturiko lanak: zortzi liburuki gaur arte, Ohiko mintzamoldeen antologia, CDak...

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh