Plazaberri

Lesakako Tantirumairu ikastola bisitatu du Euskaltzaindiak

  • Lesakako ikastolak antolatuko du urriaren 15ean ospatuko den Nafarroa Oinez. Nafarroako ikastolen festan lortutako diruarekin gela gehiago eraiki nahi dituzte, "gaur egungo irakaskuntzak metodo berriak eskatzen dituelako, eta metodo horiek espazio berriak", Aitor Iratzoki Tantirumairuko zuzendariak Plazaberriri adierazi zion legez.
  • Ostiralean, Lesakako Udalak harrera abegikorra egin zien euskaltzain oso eta urgazleei, eta Akademiaren Zuzendaritzak Udaletxean bertan egin zuen hileroko batzarra.
  • Andres Urrutia, euskaltzainburua: "Euskaltzaindiaren ardura euskara bera ailegatzen den lekuraino heltzen da, izan Ipar edo Hego, Ekialde edo Mendebalde. Gure zerbitzu bokazioak eskatzen digu lan egitea herriarekin bat eginda, eta euskararen alde egiten duen orori laguntzea. Horregatik gaude hemen, Lesakan, Tantirumairu ikastolari babesa eskaintzen, hain zuzen, egunero euskararen alde egiten dutenekin, erakutsi nahi dugulako Euskaltzaindia herritik sortutako erakundea dela, bai, baina herriarekin bat dabilena ere bai, beti herriaren zerbitzura, apaltasunez baina arduraz".

    21430101 1152520201549023 2646230752476935527 n
    (Euskaltzaindiko ordezkariak, Tantirumairu ikastolako haur eta irakasleekin)

 

Jimeno Jurioren 'Toponimia Navarra VII. Cuenca de Pamplona-Cendea de Antsoain' liburua aurkeztu da gaur, Iruñean

Pamiela argitaletxeak Jose Maria Jimeno Jurio historialari eta etnografoaren 'Toponimia Navarra VII. Cuenca de Pamplona-Cendea de Antsoain' liburua aurkeztu du, gaur, gure Iruñeko egoitzan.
Bertan izan dira Sagrario Aleman (liburuaren sarrera egin du), Patxi Salaberri (edizioaz arduratu da) eta Andres Iñigo euskaltzain osoak, Pamielako arduradunekin batera.

DSC 0039

 

'Euskal Harria' poema liburuaren 50. urteurrena aitzakiatzat hartuta, Gabriel Arestiren ibilbidea gogoratuko da Bilbon

  • Urriaren 11n izango da jardunaldia, eta bertan parte hartuko dute, besteak beste, Oskorri taldeak, Bernardo Atxagak, Arantxa Urretabizkaiak, Xabier Kintanak eta Jon Kortazarrek.
  • Jardunaldi berean Agustin Ibarrola artista omenduko da. Ibarrolak bere irudiak eskaini zizkion Gabriel Arestiri 1967an, hain zuzen, 'Euskal Harria'ren lehen ediziorako erabili zirenak.

    Aresti
    (Antolatzaileak eta sortzaileak, batera, gaurko aurkezpenean).

  • Bilboko Udalarekin eta Gabriel Aresti Elkartearekin batera antolatu du Euskaltzaindiak 'Gabriel Arestiren Euskal Harriak 50 urte' egitasmoa.
  • “Arestiren lana berreskuratzen ari gara aspalditik. Horregatik, iaz 'Mailu batekin: Biola batekin' liburua publikatu genuen, idazlearen poema ezezagunekin, eta orain dela hiru urte 'Harri eta Herri'ren edizio berri bat plazaratu genuen, liburuaren 50. urtemugan”, esan du Koldo Narbaiza Bilboko Euskera eta Hezkuntza Saileko zinegotzi ordezkariak.
  • “Aresti euskarazko kulturaren zutabe da, eta Bilbon gogoratu behar dugu hori. Ozen esan behar dugu, baita, euskal kultura bizirik dagoela Bilboko kaleetan, bizirik zegoen moduan, erdi ezkutuan izan arren, orain dela 50 urte, euskara batuaren bezperan, Arestik berak 'Euskal Harria' liburua argitaratu zuenean”, gogoratu du Andres Urrutia euskaltzainburuak.

 

Beristain "euskal idazle fina eta esatari aparta" izan dela nabarmendu du Andres Urrutiak

  • 70 urte zituela zendu da Iñaki Beristain errezildarra, eta Andres Urrutia euskaltzainburuak gogoratu du Beristainek euskararen inguruko edozenbat proiektutan parte hartu zuela, eta esan du "euskal idazle fina eta esatari aparta" ere izan zela frantziskotarra. "Gozagarri osoa, ezbairik gabe, haren ezpainetatik fedearen mintzoa aditzea", azpimarratu du Urrutiak.
  • Bere aldeko hileta elizkizuna bihar izango da, irailak 26 dituela, Arantzazuko santutegian, 17:00etan.

    bin 21656225 con 11534241 19422 1
    (Iñaki Beristain)
  • Errezilen (Gipuzkoa) jaio zen Iñaki Beristain, 1947an. Hogei urterekin apaiztu eta Arantzazun egon da 1967tik, santutegiko bozeramaile aritu dela urte luzez. Besteak beste, Arantzazu aldizkariaren zuzendari ere izan da, eta EiTBko Egi bidean saioaren arduraduna, 1988tik.

  • Gaztetatik hasi zen euskarazko sorkuntzan. Erriberrin (Nafarroa) zela, Gure izarra aldizkarian aritu zen, eta ondoren Jakin aldizkarian ere jardun zuen. Duela urtebete argitaratu zuen bere azken liburua: Nikolas Segurola. Fraide, artzain eta bertsolari, Xabier Euzkitzerekin eta Eduardo Urarterekin batera. 1968an euskara batuari buruzko biltzarra egin zenean ere, hantxe izan zen Beristain, bere bihotzeko Arantzazun.

 

Plazaberrin harpidetu:

Sare sozialetan:

Twitter

 

 

Gure agendan harpidetu:

Azken argitalpenak

  • Sierra de Tolono portada

    Sierra de Toloño, nexo de la Montaña y la Rioja Alavesa

    Egilea: José Ángel Chasco Oyón

  • Piarres Larzabalen antzerkigintza: 1950-1982. Euskarazko antzerki identitarioaren paradigmak

    Egilea: Isabelle Echeverria

  • Amiküze eskualdeko eskuara

    Egilea: Iñaki Camino

  • Euskararen Herri Hizkeren Atlasa, VIII

    Egilea: Euskaltzaindia. Dialektologia batzordea. Atlasgintza lantaldea

  • Argitalpen guztiak ikusi